Ekitaldia hasteko, alkateak mahai harriaren gibelean paratu ziren, eta Mugadantza jo zuen Xabier Erkizia soinu artistak. Ondotik, Alkate Soinua jo zuten Berako txistulariek eta Agurra dantzatu zuten Gure Txokoa Dantza Taldeko Ane Eltzaurdia eta Eneritz Mariezkurrena dantzariek, eta Bera Kantariko kideek hitzarmenari buruzko bertso bat kantatu zuten.
Hitzarmenaren testua irakurri ondotik sinatu egin zuten sei herrietako alkateek: Jean Louis Fournier (Azkaine), Aitor Elexpuru (Bera), Solange Demarcq-Egiguren (Biriatu), Migel Mari Irigoien (Etxalar), Battit Laborde (Sara) eta Philippe Aramendi (Urruña).
Bukatzeko, txistulariek Agur Jaunak kanta interpretatu zuten.
Kontratuak bortz urteko iraupena izanen du eta, horren arabera, 2027an elkartuko dira berriz ere sei herrietako hautetsiak kontratua berritzeko.
Hitzarmena
Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita 2007ko hitzarmenaz geroztik mendiko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak jartzea ere.
Hitzarmenari esker herri hauetako baserritarrei ardi, zaldi eta behi aziendek bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko eskubidea dute. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Bertzetik, abeltzainek ardura zibileko asegurua izan beharko dute aziendek eragindako istripuez babesteko.
Hitzarmenean ez dira sartzen ahuntzak, eta mugalarreetan ahuntzaren bat harrapatuz gero, jabeek legez ezarritako edo hitzarmen honetan dauden herriek elkarren artean adostuko dituzten isunak ordaindu beharko dituzte.