Gau Beltza

Gau Beltzaren itzulera gure herrietara

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 29a, 09:00

Han eta hemen ospatzen den besta da Santu Guzien Eguna; Mexikon hilobien inguruan piknik bat egiten dute, Kanbodian berpiztutako arimak familiarengana bueltatzen direla ospatzen dute, Ipar Amerikan Halloween gau beldurgarria egiten dute, Filipinetan besta bat antolatzen dute hilerrian… eta Euskal Herrian ere galduak ziren hainbat tradizio jendartera bueltatzen ari dira.

Gau Beltza edo Arimen Gaua urtearen heriotza, uzta bilketa eta hildako senideen oroimena ospatzen zituen besta zen. Iluntasunaren eta heriotzaren gaiez baliatuz, elkar beldurtuz jostatzen ziren. Ohikoa zen arbi edo kalabazak hustea, aurpegi itxura ematea, kandela bat sartzea eta bide bazterretan paratzea, barrideak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko. Jendea ikaratzeko trapu zaharrekin aurpegiak estaltzeko ohitura ere arras zabaldua zegoen.

Duela urte batzuk Gau Beltza ospatzen hasi ziren berriz ere hainbat euskal herritan, eta gure eskualdean ere ohitura zahar hau nagusitzen hasia da; Anizen, Aranon, Lesakan, Iruritan, Berroetan… eta datozen urteetan herri gehiago batzea espero da. Helburua herri bakoitzari moldatzen zaion besta egitea da, leku bakoitzeko ohitura zaharrak berreskuratuz. Izan ere, bestak eta tradizioak gure artean segitzen badute, gaurkotasunera egokitu ditugulako da.

Euskaltzaleen Topaguneak, ohitura zahar hau berpizteko ahaleginean, unitate didaktiko bat sortu du, gaubeltza.eus webgunean eskuragarri. Bertan jostetak, ginkanak, kantuak, ipuin kontaketak… bildu dituzte, haur eta gazteek egun honekin disfrutatzeko. Gainera, hainbat herritako testigantzak bildu dituzte, antzina nola ospatzen zen kontatuz. 2018an hasi zen besta hau berreskuratzeko lana eta geroztik hainbat herrik egin dute bat egitasmoarekin. Zuk ere parte hartu nahi duzu? Hemen dituzu hainbat gomendio:

  • Baloreak: Besta guztien gibelean herri baten baloreak daude, eta bestak guztionak eta guztiontzako direnez, balore hauek errespetatu behar dira. Gau Beltzaren kasuan, kontuan hartzekoak dira euskararen erabilera, komunitatearen garrantzia, gazteei zuzendutako besta dela, iluntasunean eta naturan oinarritzen dela, berdintasuna eta aniztasuna aldarrikatu behar direla eta noski, herri bakoitzaren izaera errespetatu behar dela.
  • Antolakuntza: Herritik sortutako ekimenak modu parte-hartzailean egin behar dira. Talde bat sortu, bestaren izaera eta helburuak definitu eta ekintzak antolatu behar dira; laguntzaileak bilatu, egitaraua prestatu, besta herritarren artean aurkeztu eta zabaldu… Azkenik, besta egin ondotik balorazio fasea egin behar da, hurrengo urterako hobetzeko helburuarekin.
  • Jarduerak: Eskean ibiltzea, mozorratzea eta makillatzea, kalabazak apaintzeko tailerrak egitea, gaztaina erretzea, beldurrezko ibilbideak egitea… ideia batzuk bertzerik ez dira. Herri bakoitzak bere ohituretara moldatu dezake besta hau, tradizio zaharrak berreskuratuz eta berriak sortuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun