Mugalarreen hitzarmena berrituko dute Lizuniagako Mahai-Harrian larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 27a, 07:00

Sei herrietako alkateak, Berako txistulariak eta Gure Txokoako dantzariak 2017ko ekitaldian.

Bera, Etxalar, Azkaine, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek bortz urtero berritzen duten mugalarreen hitzarmena sinatuko dute urriaren 28an, larunbat eguerdian Lizuniagan, Sara eta Bera arteko 36. mugarrian dagoen Mahai-harrian.

Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita 2007ko hitzarmenaz geroztik mendiko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak jartzea ere. 

Hitzarmenari esker herri hauetako baserritarrei ardi, zaldi eta behi aziendek bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko eskubidea dute. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Bertzetik, abeltzainek ardura zibileko asegurua izan beharko dute aziendek eragindako istripuez babesteko.

Hitzarmenean ez dira sartzen ahuntzak, eta mugalarreetan ahuntzaren bat harrapatuz gero, jabeek legez ezarritako edo hitzarmen honetan dauden herriek elkarren artean adostuko dituzten isunak ordaindu beharko dituzte.

Larunbateko programa

Larunbat eguerdiko egitarauari dagokionez, Alkate Soinua joko dute Berako txistulariek eta Aurreskua dantzatuko dute Gure Txokoa Dantza Taldeko dantzariek. Hitzarmenaren testua irakurri ondotik sinatu eginen dute.

Ondotik,  duela 5 urte lehenengoz dantzatutako Mugadantzaren bertsio berria eginen dute. Asier Gogortzaren ideia bat oinarri sortu zuten Lesakako Martxel Rodriguez dantzariak eta Gaizka Sarasola musikariak dantza hori eta Ainhoa Retegi dantzari beratarrak dantzatu zuen. Aurtengorako, Gogortzak Xabier Erkizia soinu-artistari eskatu dio dantza hori berritzeko, eta haren kontu izanen da larunbateko Mugadantza. Ekitaldia bukatzeko Bera Kantarik Agur jaunak kanta interpretatuko du. 

Kontratuak bortz urteko iraupena izanen du eta, horren arabera, 2027an elkartuko dira berriz ere sei herrietako hautetsiak kontratua berritzeko. 

Erlazionatuak

Mugalarren hitzarmena iruditan

Ttipi-Ttapa 2022 urr 27

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun