Martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 25a, 20:00

Asteburuan Ablitasen egin dute saskiak prestatzeko auzolana.

Udazkena ailegatu da, eta horrekin baita Errigora kanpainaren 'Nafar hegoaldeari uzta, euskarari puzka' kanpainaren bederatzigarren aldia ere. Urriaren 22tik azaroaren 10era eskuratzen ahalko dira saskiak, eta Agerreko produktuz osatutako hiru saski eskaini dituzte: Errigoraren saski klasikoa, beltza (55 euro), saski berde ekologikoa (65 euro) eta saski zuri berezia (75 euro). Horien balioaren % 25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.  

Bat egiteko garaia da dauka lelotzat aurtengo edizioak, eta «zonifikazio gainditzeko garaia» dela dute aldarri nagusitzat.  Horregatik, lau zentzutan kanpainarekin bat egiteko deia egin dute: Nafarroa bat egiteko, euskararekin bat egiteko, Agerreko euskaltzaleek bat egiteko, eta Nafarroarekin bat egiteko.  

Saskiak erosteko modurik sinpleena errigora.eus helbidearen bidez izanen da. Hala ere, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egiten ahalko da eskaera, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.

Kanpaina Ikastolen elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak, eta diru-ekarpenaren zati bat Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta Nafarroa hegoaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenek antolatzen dituen dinamikei bideratuko zaie.

Agerraldia ekimena sustatzeko

Horrez gain, ekarpenaren bertze zati bat Errigoraren bidez jaiotako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Agerraldia Nafarroako erdialdean eta hegoaldean euskarari hauspo berria emateko sortutako mugimendua da. Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretu eta proiektu komun baten barrenean bilduta euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du helburua.

Ekintza praktiko horiekin urteko agenda osatzen du Agerraldiak, 2023an ere agenda zabala osatzeko bitarteko nagusia izanen da saskietatik jasoko den ekarpena. Horri esker, tokian tokiko euskaltzaleen ekimenarekin eta gainontzeko Euskal Herriko elkarlanarekin 20tik gora herritan ludotekak, 23 ekoizleren lantokietan euskara planak, kale izendegiak euskaratzeak, Union Tutera babestea eta bertze hainbat ekintza gauzatu ahal izanen dira.

Bereziki zaintzen ari dira Agerraldiaren barrenean, euskaltzaleen saretzea. 40 bat herritako 200 bat euskaltzale elkartuko dira Ager Topaketetan Azkoienen. Topaketa elkar ezagutu zein zaindu eta elkarrekin hausnartzen hasteko mugarri bat izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun