Beti Gazteko taldeak agintzen hasi dira Nafarroako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 24a, 12:30
Beti Gazteko talde mistoa izan zen Sunbillan tiraldi guztiak irabazi zituen bakarra.

Txapelketa mistoko lehen jardunaldian gailendu zen Lesakako taldea eta 640 kiloko gizonezkoetan lehen postuan berdindu zuten Berriozarrekin

Nafarroako sokatira txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten larunbatean Sunbillan. Hain zuzen, txapelketa mistoko eta gizonezkoen 640 kiloko lehen tiraldiak egin zituzten eta bietan Beti Gazte gailendu zen. Gizonezkoetan, lesakarrek Berriozarrekin berdindu egin zuten lehen postuan. Kategoria hauetako txapelak azaroaren 5ean Lesakan jokatuko den bigarren jardunaldiaren ondotik banatuko dituzte.

Sunbillako lehen jardunaldian, txapelketa mistoan (560 kilo) tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta 7 puntu eskuratu zituen. Bigarren Berriozar izan zen (6 puntu), hirugarren Araxes (5 puntu), laugarren Txantrea (4 puntu), bosgarren Amaiur B (3 puntu), seigarren Amaiur A ( 2 puntu) eta zazpigarren Antsoain (puntu 1).

Gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldian, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Berriozarrek, elkarren arteko tiraldi bana eta gainerako guztiak irabazita (3,5 puntu bakoitzak). Amaiur hirugarren izan zen (2 puntu) eta Txantrea laugarren (puntu 1).

Kategorietako hauetako txapela azaroaren 5ean Lesakan jokatuko den bigarren jardunaldian erabakiko dira.

Ondotik, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen txapelketa (hauek seinaka ariko dira, 380 kiloko kategorian) etorriko dira, azaroaren 12an Barasoainen eta azaroaren 19an Elizondon. Gizonezkoen pisu arinenean bortz talde izanen dira: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea eta emakumeen txapelketan sei: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun