Egiten duten lanaren garrantzia «aitortzea» eskatu dute. Hiru sindikatuek oroitarazi dutenez, «urtebete baino gehiago daramagu gure sektorerako hitzarmen bat eskatzen, gure lan baldintzak duinak izan daitezen bermatuko digun hitzarmena; hilaren bukaerara soldatak handituz ailegatzea ahalbidetuko diguna; gure bizi baldintza materialak hobetuko dituena, eta horrekin batera, gure bizitzaren kalitatea hobetuko duena; atseden hartzeko eta familiarekin eta lagunekin egoteko denbora gehiago emanen digun hitzarmena».
Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, «ez da gure alde deus egiten ari». Eta egoera horren aitzinean, «Nafarroako langile guztiontzako hitzarmena» aldarrikatu dute. Urriaren 24an, 25ean eta 26an «gehiegizkoak diren guttieneko zerbitzuek uzten diguten heinean» greba deialdiarekin bat egiteko deia egin dute hiru sindikatuek, «gure indarrak batu behar ditugu, karrikara atera eta karrikak bete». Horri lotuta eginen dute Elizondoko elkarretaratzea ere. Horrez gain, asteazkenean, urriaren 26an, Iruñean manifestazioa eginen dute, 17:30ean Foruen plazatik abiatuta.