Adinaren arabera banatutako hiru kategoriatan banatua aurkeztu dituzte lanak, eta tartean Berako eta Leitzako gazteen bideoak aukeratu ditu epaimahaiak finalerako.
DBH 1 eta 2. mailako ikasleen kategorian aukeratu dute Leitzako Janire Juanikorena Mariezkurrenak egindako Ni naiz naiz ni bideoa. DBH 3 eta 4. mailakoen kategorian aukeratu dute, aldiz, Berako Mikel Artiedak, Nahia Etxeparek, Intza Zubietak, Manex Danborienak eta Maitane Erkiziak egindako Minerva eta Mariloli bideoa. Azken hauek, gainera, publikoaren sarirako finalista ere izendatu dituzte, bertze hiru lanekin batera.
Heldu den ortziralean eginen dute sari banaketa Amasa-Villabonako Gure antzokian. Bertan, 2.000 euro banatuko dituzte saritan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari baliokide bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte!telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira bertzeak bertze, Sara Alonso musikariaren emanaldia.