Solaslaguna egitasmoak MintzaPoza Tonbola paratuko du Elizondoko, Doneztebeko eta Lesakako ferietan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 20a, 12:30

Solaslaguna programa herritarrei gerturatzea da helburua, eta jolasteko eta sariak lortzeko aukera izanen dute herritarrek

Solaslaguna euskaraz aritzeko une eta guneak sortzea helburu duen egitasmoa da, Euskaltzaleen Topaguneak sustatua, eta martxan da Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan. Euskaraz aritu nahi duten kideak talde ttikietan elkartzen dituzte, talde bakoitza astean ordubetez elkartzen da taldeak erabakitako leku eta moduan euskaraz solastatzeko, eta tarteka partaide guztientzat ekintzak ere antolatzen dira; txangoak, bisitak… Irailaren 13an ireki zen aurtengo ikasturtean izena emateko epea, eta parte hartzeko inkesta bete beharko da. Informazio gehiagorako eskuragarri daude solaslaguna@topagunea.eus helbidea eta 610 92 06 73 telefonoa.
 
Egitasmoan parte hartzeko deia luzatu diete euskaraz mintzatzen direnei, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan bezala, MintzaPoza Tonbola paratuko dute Elizondoko ferietan (urriaren 28an), Doneztebeko ferietan (azaroaren 18an) eta Lesakako ferietan (azaroaren 24an), «egitasmoa herritarrei gerturatzeko asmoz». Elizondon, tonbola herri erdiguneko azokan egonen da 10:00etatik 13:30era.

Tonbolan, Solaslaguna ezagutzera emateaz gain, «jolaserako eta sariak irabazteko aukera» izanen dute gerturatzen direnek. «Ekintza hau esaldiak euskaraz osatzean datza, eta ongi osatuz gero erruletan jokatzeko aukera lortzen da. Erruletan hainbat sari lor daitezke; katiluak, poltsak eta aterkiak…». Ekintza honen helburua jendea egitasmora hurbiltzea eta egitasmoa kalera ateratzea da. Gainera, postuan eskualdeko dinamizatzailea egonen da, hurbiltzen den jendeari egitasmoari buruz informazioa eta laguntza eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun