Nafarroako sokatira txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Joan den urtean bezala, Lesakako Beti Gazte eta Amaiur izanen dira eskualdeko ordezkariak. Gizonezkoak 640 eta 600 kiloko kategorietan eta talde mistoak (560 kilo) zortzinaka lehiatuko dira eta emakumeak seinaka (380 kilo).
Lehenbiziko jardunaldia larunbat honetan, urriak 22, eginen dute Sunbillako pilotalekuan, 17:00etan. Gizonezkoen 640 kiloko eta txapelketa mistoko lehen jardunaldia izanen da. Gizonezkoetan, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. Txapelketa mistoan parte-hartze handiagoa izanen da, zazpi talderekin. Amaiurrek bi talde paratuko ditu goma gainean eta Beti Gaztek, Antsoainek, Araxesek, Berriozarrek eta Txantreak bana.
Gizonezkoan pisu astuneneko eta txapelketa mistoko bigarren jardunaldia azaroaren 5ean jokatuko dute Lesakan eta bertan emanen dituzte lehen bi txapelak.
Ondotik, gizasemeen 600 kiloko kategoriako txapelketa eta emakumeen txapelketa jokatuko dituzte azaroaren 12an Barasoainen eta azaroaren 19an Elizondon. Gizonezkoen pisu arinenean bortz talde izanen dira: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea eta emakumeen txapelketan sei: Amaiur, Beti Gazte, Antsoain, Araxes, Berriozar eta Txantrea.