Eskualdeko bertsolariek jaso dituzte Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari nagusiak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 15a, 12:00
Ander Fuentes 'Itturri' bertsolariak irabazi du helduen mailan.

Guztira, 39 egilek hartu dute parte aurtengo lehiaketan, 43 lanekin, hiru kategoriatan banatuta. Amaia Telletxeak, Joseba Beltzak eta Saioa Alkaizak osatu dute epaimahaia, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta. Iraun Zestauk, Kattin Madariagak eta Ander Fuentes 'Iturri' bertsolariek jaso dituzte kategoria bakoitzeko lehen sariak. 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketan 39 lagunek hartu dute parte (19 emakume eta 20 gizon), 43 lan ezberdinekin (31 A kategorian, haurrenean; hiru B kategorian, gazteenean; eta bederatzi C kategorian, helduenean). Horietatik, bederatzik eskuratu dute sariren bat, eta saritutako lanetatik sei eskualdeko bertsolarienak dira. 

A kategorian, 2009 edo ondoren jaiotakoenean, Berako Iraun Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, Amilotxa izeneko lanagatik. Epaimahaiak «hiztegiaren aberastasuna» nabarmendu du, eta «hizkuntzaren erabileran erakusten den heldutasuna». Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Lagunekin parrandan lanagatik eta hirugarren saria Dorleta Larrayoz Osteritzen Aliena lanarentzat izan da.  Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. 

B kategorian,  2005 eta 2008 artean jaioetakoenean saritutako bertsolari guztiak dira eskualdekoak. Kattin Madariaga Apaolaza aranztarraren Uda lanak eskuratu du lehen saria.«Teknikoki oso txukuna, ongi kontatua, eta bisio erralista bat dakarrena» da sorta, epaimahaiaren arabera. Bigarren saria Ziortza Goia Mitxelena beratarraren Iruzkin pozoinduak lanarentzat izan da. «Gaiaren trataera» nabarmendu du epaimahaiak, bai eta «egilearen ahotsetik beste baten kontakizuna transmititzeko erakutsitako gaitasuna» ere. Hirugarren saria, azkenik, Loitzate Goñi Elortza beratarrak eskuratu du, Gurasoak lanarengatik. Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.

C kategorian, 2004 edo lehenago jaiotakoenean, Ander Fuentes Mujika Itturi zubietarrak irabazi du lehen saria, Iluntzean lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, «lan sendoa da, ideia bat garatzen doana puntuz puntu (...). Gertakariak baino, deskribapen bat du oinarri lanak, depresioaren gaia eta iluntzen den pertsona baten berri emateko. Atmosfera hori oso ongi transmititzen du bertso sortak». Gainera, «teknikoki lan aberatsa» dela ere nabarmendu dute. 

Bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalar lesakarraren Aurkia eta ifrentzua lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, lanaren egitura nabarmendu du, «doinu ezberdinak erabiltzeko egindako hautua, eta pertsona beraren bi gai kontatzeko bi ahots erabiltzeko hartutako bidea». Zentzu horretan, forma aldetik «originala» dela adierazi dute. Hirugarren saria, azkenik, Eider Azkoaga Gomezentzat izan da, Erraietatik lanagatik. Irabazleek, 1.500, 1000 eta 500 euroko sari bana irabazi dute, hurrenez hurren.

Saritutako lanak irakurtzeko sakatu hemen. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun