Nafarroako berdintasun teknikarien adierazpen instituzionala Landa Eremuko Emakumeen Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 15a, 11:00

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur eta Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak hurrengo adierazpen instituzionala zabaldu du.

Gaur, urriak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. “Nafarroako landa eremuko erronka feminista izanen da edo ez da izanen” lelopean elkarrekin ospatuko dugu egun hau Berdintasun Teknikaria duten toki eta lurralde entitateek. Emakumeek, beren aniztasun osoan, Nafarroako landa-eremuetako lurraldeen jasangarritasunean duten zeregina eta ekarpena aitortu nahi dugu. Era berean, arras modu aktiboan lagundu nahi dugu ingurune hori eboluzioaren, garapenaren eta aurrerapenaren adibide izaten jarrai dezan, bai ekonomiaren esparruan, bai gure herri eta landa-eremuetako gizarte- eta kultura-arloan.

Testuinguru zabal horretan, emakume guztiek funtsezko eginkizuna izan dute eta dute, eta, beraz, toki-erakundeek beren bizi-kalitatea hobetzeko lan egin behar dugu, zerbitzu publikoetara sartuz eta haien aldarrikapen eta beharrei erantzunez.

Horregatik, apustu sendoa egin nahi dugu, erronka garrantzitsuak ekarriko dituena. Erronka horiek landa-eremuan lan egiteko kontuan hartzeko estrategia izanen dira, gure lurraldeetan etorkizun oparoa, bidezkoa eta baketsua eraikitzeko funtsezkoak direlako: genero-berdintasuna landa-lurraldeetan zeharka sartzea, inguru horretako emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen parte-hartze soziopolitikoa herritar aktibo eta boteretsuak izateko, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, emakumeen elkartegintzari eta berdintasunaren alde lan egiten duen elkarteei laguntzea eta baliabideak ahalik eta gehien optimizatzea.

Bereziki, uste dugu lehentasuna eman behar zaiela honako gai hauei:

  • Emakume gazteak kontuan hartzea, hirietara joan ez daitezen garapen pertsonalerako eta lan-garapenerako aukeren bila.
  • Emakumeak norberaren eta besteren konturako lan-merkatuan sar daitezen sustatzea, landa-eremuan hirietan baino zailagoa baita.
  • Pentsamolde-aldaketa lortzea, emakumeen eta gizonen arteko rol-banaketaren barruan bereizkeria-egoerarik sor ez dadin eta landa-eremuko emakumeen egoera pertsonala eta lan-egoera hobetu dadin. Emakume horiek ikusezin bihurtu dira, eta baserriko lanez gain, “etxeko eta familiako zereginak” ere emakumeek egin beharreko lanen gisa ikusi izan da beti.

Azken finean, toki-erakundeek gure ahaleginak bateratzen ditugu landa-eremuan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko. Horretarako, emakumeen ahalduntzean aitzinera egin behar da, eta emakumeen presentzia eta parte-hartze aktiboa areagotu behar dira bizitzako eremu guztietan. Landa-eremuko emakumeak agerian eta aintzat hartuak izatea da gure konpromisoa, eta, horregatik, bat egiten dugu emakumeen elkarteak egiten ari diren lanarekin eta haien aldarrikapenen alde egiten dugu.

Modu positiboan laguntzen jarraituko dugu, Nafarroako lurralde zabal eta askotarikoa osatzen duten herrietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aitzinera egiteko, horrek ekarriko duen onuraz jabetuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun