Hondakinen sorrera murrizteko joskintza ikasten hasi dira Baztanen eta Bortzirietan eta egurrezko bizikletak ere eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 13a, 12:00

Urriko eta azaroko astearte eta ortzegunetan Alkaiagako Garbigunean eta Elizondoko kultur etxean hasiak dira

Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Hondakinen Funtsa deituriko dirulaguntza baliatuz hondakinen sorrera murrizten lagunduko duten joskintza eta haurren bizikleta egiten ikasteko ikastaroak antolatu dituzte Baztango Udalak eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak Lagun Bide Zerbitzuak enpresa sozialaren bitartez. Bi ikastaroak doakoak dira.

Urriko eta azaroko astearte eta ortzegun arratsaldetan, bi orduko saioetan, 17:00etatik 19:00etara, Alkaiagako Bortzirietako Garbigunean eta Elizondoko Arizkunenea kultur etxean arropen bizitza luzatzen ikasteko oinarrizko joskintza konponketak erakusten hasiak dira, Asteartean egin zuten lehen saioa Arizkunenean eta gaur eginen dute bigarrena Alkaiagako Garbigunean. Lagun Bide Zerbitzuak enpresa sozialaren eskutik. Urriaren 11n hasi ziren Elizondon eta launa saio izanen dituzte (urriaren 11, 18 eta 25 eta azaroaren 8an Elizondon eta urriaren 13, 20, 27 eta azaroaren 3an Alkaiagan).

Haurrendako bizikletak egin eta etxera eraman

Era berean hondakinekin haurrendako egurrezko bizikleta bat nola egin ikasi eta bizikleta hau etxera eramateko aukera izanen dute izena eman duten pertsonek. Azken hau hiruna arratsaldetako ikastaroa da (urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an Alkaiagan eta urriaren 20 eta 27an eta azaroaren 3an Elizondon).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun