Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako finalistak erabakitzeko jaialdi berean Nafarroako arpana txapelketa mistoaren finala ere jokatu zuten. Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena ziren faborito, baina Antsoaingo Irune Biurrun eta Dani Saldias arraioztarra nagusitu ziren.
Biurrunek eta Saldiasek 4 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten etzanda paratutako 45 ontzako enborrean hamabi epai egiteko. Bigarren izan ziren Eltsoko Ainhoa Iraizoz eta Iraizotzeko Josetxo Barberena (5.31), hirugarren Berako Ainhoa Etxegarai eta Arantzako Alberto Fagoaga (5.54) eta laugarren Azkarateko Olatz Altuna eta Arribeko Ibai Soroa (7.00). Soroa aizkoran ere aritu zen eta lehen mailako finalerako txartela lortu zuen gainera.