Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren finalean lehiatuko den boskotea erabaki da Lekunberrin

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 13a, 09:00
Doneztebeko finalean izanen den boskotea. Ezker-eskuin: Soroa, Etxeberria, Vicente, Amundarain eta Saralegi.

Iker Vicente, Ibai Soroa, Txomin Amundarain, Eneko Saralegi eta Zigako Joxean Etxeberria ariko dira azaroaren 18an Donezteben eta Aresoko Asier Pellejerok eta Julen Kañamaresek maila galdu dute

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu zuten urriaren 12an, asteazken arratsaldean Lekunberriko plazan. Hamar aizkolari aritu ziren lehian, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat nork lehenago moztuko eta bortz lehenbizikoek lortu zuten azaroaren 18an, Doneztebeko ferietan jokatuko den finalerako txartela: Iker Vicente, Ibai Soroa, Txomin Amundarain, Eneko Saralegi eta Zigako Joxean Etxeberria.

Espero bezala, Otsagabiko Iker Vicente gaur egungo txapelduna jaun eta jabe izan zen eta 15 minutu eta 18 segundo aski izan zuen lana burutzeko. Finalerako bertze lau lekuak lortzeko lehia estuagoa izan zen eta minutuko alderik ez zen izan bigarren eta zazpigarren sailkatuaren artean. Honela, Arribeko Ibai Soroa bigarren izan zen (17.00), Arribeko Txomin Amundarain hirugarren (17.12), Errazkingo Eneko Saralegi laugarren (17.19) eta Zigako Joxean Etxeberria bosgarren (17.36). Bortz segundogatik finaletik kanpo gelditu zen Arostegiko Oier Kañamares (17.41), baita Leitzako Julen Olano (17.59) eta Jon Rekondo (18.25). Azken bi postuetan, bederatzigarren eta hamargarren gelditu ziren Aresoko Asier Pellejerok (19.53) eta Arostegiko Julen Kañamaresek (19.58), berriz, maila galduko dute eta bigarren mailan ariko dira datorren urtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun