Urtarriletik aitzinera, berriz, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortuko dute: Euskaraz barra-barra izanen du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.
Marka bateratu horren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela leku edo entitate horretan, Euskaraz barra-barra marka duten guneetan bermatuta egonen delako euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa badagoela. Horregatik, zehazki, gaitasunari lotuta egonen da marka banatzeko irizpidea.
Euskal Herri osoan urtarriletik aitzinera zabalduko baldin bada ere, lehenago, uda honetatik zenbait udalerri izanen dira aitzindariak marka zabaltzen, gainerakoentzat bide-erakusle izan daitezen. Zehazki, UEMAko kide diren hamar herri izanen dira lehenengoak: Bera, Elizondo, Oiartzun, Aramaio, Atxondo, Bakio, Bermeo, Igorre, Otxandio eta Etxarri Aranatz. Horiez gain, Oarsoaldean eta Donostialdean ere hilabeteotan abiaraziko dute marka bateratua.
UEMAko kide diren herrietan, dagoeneko hasi dira zerbitzu sektoreko profesionalei ekimen honen berri ematen, zalantzak argitzeko eta ekimenaren nondik norakoak zehazteko.
Zerbitzu sektoreko profesionalei eta herritarrei deia, ekimenarekin bat egin dezaten
Marka sustatu duten erakundeek zerbitzu sektoreko profesionalei dei egin diete markarekin bat egin dezaten: «Bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria denez, ohi bezala zure negozioarentzat zerbitzurik onena eskaintzeko ahaleginean jarraitzera eta ekimen berri honetan parte-hartzera gonbidatzen zaitugu», adierazi diete, ekimenaren berri emateko merkatarientzat eta ostalarientzat prestatutako gutunean. Horren bidez, bezeroei dagokien arreta egokiena ematen segitzera ere animatu dituzte.
Zerbitzu sektoreko profesionalei ez ezik, markaren sustatzaileek herritarrei ere dei egin diete ekimena kontuan har dezaten erosketak egiterakoan eta ostalaritzako zerbitzuak hautatzean. Izan ere, Euskaraz barra-barra marka izanen duten lekuetan euskaraz aritzeko modua izanen dute, eta horrek «hainbat aurreiritzi baztertzeko eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ere bide eman diezaieke bezeroei. Beraz, euskaraz lasaiago eta gehiago aritzeko modua izanen dutenez, gure herrietako zerbitzu sektorea ez ezik euskara ere hauspotzeko aukera izanen dute ekimen honekin”. Horregatik, parte-hartzeko eta euskaraz aritzeko deia egin diete.