Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute urriaren 12an, asteazkenean 17:00etan Lekunberriko plazan. Hamar aizkolari ariko dira lehian, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat nork lehenago moztuko. Horietatik lau eskualdekoak izanen dira: Zigako Joxean Etxeberria, Aresoko Asier Pellejero eta Leitzako Jon Rekondo eta Julen Olano.
Beraiekin batera, gaur egun txapeldun den Iker Vicente (Otsagabia), Eneko Saralegi (Errazkin), Julen Kañamares (Arostegi), Oier Kañamares (Arostegi, Txomin Amundarain (Arribe) eta Ibai Soroa (Arribe) ariko dira. Bortz lehenbizikoek Donezteben azaroaren 18an jokatuko den finalean moztuko dute eta azken bi sailkatuek maila galduko dute.
Nafarroako arpana txapelketa mistoaren finala
Nafarroako arpana txapelketa mistoa ere Lekunberrin jokatuko dute urriaren 12ko jaialdian. Igantzin urriaren 1ean jokatutako kanporaketako lau bikote onenak ariko dira: Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena( Eltso eta Iraizotz), Ainhoa Etxegarai eta Alberto Fagoaga (Bera eta Arantza), Olatz Altuna eta Ibai Soroa (Azkarate eta Arribe) eta Irune Biurrun eta Dani Saldias (Antsoain eta Arraioz).
Etzanda paratutako 45 ontzako enborrean hamabi epai egin beharko dituzte.