Berako, Doneztebeko eta Leitzako institutuetako hainbat ikaslek 'Sarean euskaraz' ekimenean parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 5a, 19:00

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea helburu duen Sarean euskaraz ekimenaren VI. edizioa martxan jarri dute. Hainbat institututako ikasleengana ailegatuko da egitasmoa, eta IKT ikastaro zikloaren bitartez, Goizuetan eta Etxalarren lantegiak antolatu dituzte.

Bueltan da Sarean euskaraz ekimena, Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez bultzatzen duen proiektua, eta iragarri dutenez, 2022ko edizioa «inoizko jendetsuena» izanen da. Guztira Nafarroako institutuetako «DBH 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 1.300 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte». Alde batetik, urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte Jauregian Iruñerriko institutuetako 908 ikaslerekin jardunaldiak eginen dituzte, baina Iruñerritik kanpoko ikastetxeetara ere eramanen dituzte lantegiak: Altsasuko, Berako, Doneztebeko, Leitzako eta Tafallako 400 ikaslerengana, hain zuzen. Zehazki institutu bakoitzean programaren lantegi bat edo gehiago eginen dituzte.

IKT ikastaro zikloa

IKT ikastaro zikloaren bitartez, Sarean euskaraz proiektuak 19 lantegi antolatu ditu Nafarroako bertze hainbat udalerritan. Eskualdean, Etxalarren eta Goizuetan dira. Goizuetan joan den ortziralean, irailaren 30ean, Argazkilaritza mugikorrean ikastaroa egitekoa zuten. Etxalarko saioa azaroaren 3an eginen dute, eta Streaming Live ikastaroa izanen da.

Streaming bidezko zuzenekoak gazteen eguneroko bihurtu diren honetan, sare sozialetan ugari dira LIVE emankizunak. Twitch bezalako plataformek espazio berezia hartu dute, baina plataforma hau ezagutaraztea baino, streaming edo zuzeneko emankizunak euskaraz sortzera animatzea da ikastaro honen helburu nagusia. Horretarako, oinarrizko formakuntza eskainiko dute. Streaming bat martxan jartzeko beharrezko baliabideak zeintzuk diren ikusteaz gain, kanal bat sortu eta edukia nola igo erakutsiko du Oier Fuentesek.

Izena lotura honetan eman behar da.

Gazteak, euskara eta teknologia berriak

Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Sarean euskaraz ekimenaren hiru ardatzak. Antolatzaileen hitzetan, «euskarak etorkizun bizia eduki dezan ezinbertzeko bihurtu baita gazteak euskarazko kultura digitalean trebatzea, are gehiago pandemiak IKT berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak bikoiztu dituen honetan».

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea dira egitasmo  honen helburuak. Eta, batez ere, parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologia berriez goza dezatela, esperientzia ludikoa izan dadila.

Europako Kontseiluak jardunbide egokien adibide gisa onartu zuen iaz Sarean euskaraz ekimena, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna aplikatzearekin zerikusia duten eskualde eta estatuen jarduerak aitortzeko deialdiaren baitan. Aurtengo edizioak Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioaren babesa ere izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun