Baztango Udalak eta Bortzirietako Mankomunitateak hondakinen prebentzioarekin erlazionaturiko bi ikastaro antolatuko dituzte urrian eta azaroan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 5a, 13:00
Haurrendako egurrezko bizikletak egiten erakutsiko dute ikastaro batean.

Joskintza eta egurrezko bizikletak egiten ikasteko ikastaroak emanen dituzte Elizondoko Arizkunenean eta Alkaiagako Garbigunean

Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Hondakinen Funtsa deituriko dirulaguntza baliatuz hondakinen sorrera murrizten lagunduko duten joskintza eta haurren bizikleta egiten ikasteko ikastaroak antolatu dituzte Baztango Udalak eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak Lagun Bide Zerbitzuak enpresa sozialaren bitartez.

Urriko eta azaroko astearte eta ortzegun arratsaldeetan, bi orduko saioetan zehar, Bortzirietako Garbigunean eta Elizondoko Arizkunenean arropen bizitza luzatzen ikasteko oinarrizko joskintza konponketak erakutsiko dituzte Lagun Bide Zerbitzuak enpresa sozialaren eskutik. Lau saio izanen dira urriaren 11n hasita.

Era berean hondakinekin haurrendako egurrezko bizikleta bat nola egin ikasi eta bizikleta hau etxera eramateko aukera izanen dute izena ematen duten pertsonek. Azken hau hiru arratsaldetako ikastaroa izanen da.

Ikastaroak debalde izanen dira eta izen emateak urriaren 7a baino lehen egin behar dira honako bide hauek erabiliz:

  • Baztanen: hondakinak@baztan.eus helbidera idatziz edo 667 80 85 39 telefonora deitu edo whatsapa bidaliz
  • Bortzirietan: teknikaria@bhm.eus helbidera idatziz edo 662 07 84 00 telefonora deituz edo whatsapa bidaliz

Jostura tailerra hamabi pertsonendako bideratua da eta bizikleta tailerra sei pertsonendako. Plazak inskripzio ordenaren arabera beteko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun