Gau Beltzaren atarian, ospakizunaren ezagueran sakontzeko unitate didaktiko bat sortu du Euskaltzaleen Topaguneak

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 20:00
  • Unitate Didaktikoa gaubeltza.eus webgunean egonen da eskuragarri erabili nahi duenarendako, bertze hainbat informazio eta euskarrirekin batera.
  • Hezkuntza sareko eragileei ere helarazi zaie Unitate didaktikoa, ikasturte osoan  gaia lantzeko aukera izan dezaten.

Jostetak, ginkanak, kantuak, ipuin kontaketak… denetarik biltzen du Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako haur eta gazteendako espresuki sortutako Unitate Didaktiko honek eta gaubeltza.eus webgunean dago nornahirendako eskuragarri, gau horren inguruko bertze hainbat informazio eta euskarrirekin batera.

Izan ere, badira munduko herrialde gehientsuenetan ospatzen diren tradizioak. Santu guztien egunaren bezperakoa da horietako bat: adierazgarritasun handiko efemeridea, hildako ahaideen memoria goresteko sortua baita. Halloween deitzen diote anglosaxoiek, Hildakoen eguna Latino-amerikarrek, Arimen eguna deitu izan zaio gurean aspaldidanik.

Hor du abiapuntua GAU BELTZA egitasmoak. 2018an abiatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko usadio zahar horren berreskuratze lana. Hiru urteotan GAU BELTZAK bide emankorra egin du: milaka herritarrek ospakizuna deskubritu eta bere egin dute gure arbasoen usadioa.

Bada, ospakizunaren bezperatan gauden honetan, Euskaltzaleen Topaguneak GAU BELTZAren inguruko ezagueran sakondu eta ikasleei besta honetan barneratzeko tresnak helaraztea da unitate didaktiko honen helburua, beti ere jolasaren esparruan baina asmo pedagogiko landuarekin.

«Egiten duguna gara, kultura baten nolakotasunak ematen baitio izatea herriari. Nola bizi, hala izan». Eta hori du hain justu Gau beltzaren inguruko lanketak duen helburua: gurean aspalditik errotutako ospakizuna indarberritu eta suspertzea.

Gai honen inguruan Euskaltzaleen Topagunearekin harremanetan jarri nahi duenak, andoni@topagunea.eus e-Postara idazten ahal du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun