[GUTUNA] Etxeko ate aurrean daude, zabal dezagun

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 3a, 16:00

Mikel Mundiñano eta Xochitl Karasatorre Nafarroako Sareko eta Etxerateko arduradunek TTIPI-TTAPAra bidalitako gutuna da hau. 

Euskal preso nafarrak hogeita hamar baino gutxiago dira orain. Aieteko Bake Konferentziatik hona hamaika urte luze igaro direla kontuan hartuta, batek baino gehiagok galde dezake «hogeita hamar, oraindik?». Eta besteren batek ez du ahaztua izango ez aspaldi ia berrehun preso zirela nafarrak. Baina, egia esatera, hogeita hamarreko kopuru horrek aukera ematen du irudikatzeko euskal presorik gabeko eguna hurbil dagoela Nafarroan.

Oraindik preso jarraitzen duten ia hogeita hamar nafar horietatik, hemezortzi Euskal Herriko kartzeletan daude (bederatzi Iruñean, bost Martutenen eta lau Zaballan), eta horiei etxean preso dauden beste bi gehitu behar zaizkie. Euskal Herritik kanpoko kartzeletan daude, berriz, zazpi euskal preso:  Lannemezanen, Sorian, Dueñas-Palentzian, Leonen eta Topas-Salamancan.

Euskal presorik gabeko agertoki bat irudikatzeko aukerak pizgarria izan beharko luke zalantzarik gabe historikoa izango den une hori azkarrago irits dadin, une hori non, ekuazio politikotik sufrimendua eragiten duen faktore garrantzitsu bat desagertuta, energia guztiak bideratzen hasiko baitira oraindik konpontzeko dauden gaietara: egia, errekonozimendua, erreparazioa, memoria inklusiboa… Gainera, lasaitasuna ekarriko luke ekosistema politikora, arazoaren sakoneko arrazoien inguruko gaiei heltzeko behar-beharrezkoa den patxada.

Ekin behar diogu lanari, presoak etxera itzultzeko bidea trabatzen segitzen duten oztopoak kentzeari. Horietako bat, konpontzen errazena, urrunketa politikaren zikloa behin betikoz ixtea eta oraindik kanpoan dauden zazpi euskal preso nafarrak Euskal Herrira ekartzea litzateke. Auto handi batean sartzen dira. Bigarren oztopoa litzateke Nafarroari espetxe politikaren gaineko eskumena osorik eskualdatzea, burokraziaren korapiloen eta ezinikusi politikoen loturetatik askatuta. Gaur egun begi bistakoa da 0 km-ko kudeaketak normalizazioan laguntzen duela, salbuespeneko izaera deuseztatzen duela eta gizarteratzeko ibilbideak bultzatzen dituela. Azkenik, gizarteak eta errealitateak berak atzean utzi duten garaiko inertzia politikoak dakartzan oztopoak daude, besteak beste 7/2003 Legearen aplikazio murriztailea, Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea, eta zenbait tokitatik gradu igoerei, baimenei, lanerako edo ikasteko aukerak onartzeari jartzen zaizkien eragozpenak.

Ate ondoan ditugularik, maratilari heldu eta azken bultzada batez atea zabal-zabalik uztea denon zeregina da: eragile politikoena, behin betiko soluzioen fasea ireki beharko lukeen hauteskunde zikloa aurrean dutela; eragile sozialena, prozesu honen guztiaren egiazko zutabeak baitira; eta herritar ororena. Zurea eta nirea. Donostian, urriaren 8an, larunbata, deituta dagoen mobilizazioak inflexio puntu bat izan nahi du, erdi irekita dugun ate horri bultza egiteko. Jarri eskua zeuk ere!

 

Sinatua:

Mikel Mundiñano eta Xochitl Karasatorre Nafarroako Sareko eta Etxerateko arduradunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun