Aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea Lesaka, Legasa eta Berriobeitiko instalazioetan ere aplikatuko dute, baina ez modu berean.
Hala, zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek erregulazio portzentaje desberdinak sinatu dituzte lantegi bakoitzerako, ekoizpenaren beherakadaren arabera. Ehuneko hori kalkulatzeko, plantilla bakoitzak hurrengo hiru hilabeteetan eginen duen lanaldi osoaren zenbatekoa hartuko da kontuan.
Prozedura horren arabera, Lesakako lantegian erregulazio maximoaren % 60 izanen du, eta Legasako eta Berriobeitiko lantegietan % 25.
Konpainia siderurgikoak bertze lantegi hauek ere sartu ditu ABEE (Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea) honetan: Asturias (% 25), Sagunto (% 40), Etxebarri (% 20) eta Largas lantegian (Olaberria-Bergara), bertze % 20. Zeharkako zerbitzuetako langileei dagokienez, etenaldia gehienez ere dagokien plantaren portzentaje berean aplikatuko zaie.
Enpresak proposatutakoari egin dizkioten hobekuntzak
Espedientearen hobekuntza gisa, ArcelorMittalek eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek adostutako testuan bildu dutenez, enpresak urteko soldata gordinaren % 90era arte osatuko du, eta aparteko pagen eta oporren % 100. Gainera, Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera, enpresak langileei prestakuntza emateko konpromisoa hartu du, baita tokiko nahiz Estatuko akordioaren jarraipen batzordea aktibatzeko konpromisoa ere.
ELA eta LAB sindikatuen erreakzioak
ELA: «Ez dago inolako justifikaziorik joan den urtean 13.000 milioi euro baino gehiagoko mozkina lortu zuen enpresa batean aldi baterako lan erregulazioa adosteko. ELAk uste du beharrezkoa dela gogoraraztea enpresak 2009. urtetik etengabe aplikatzen dituela enplegu erregulazioko espedienteak». Horiek horrela, ELAk dio «Iruñeko eta Gasteizko gobernuek askoz jarrera aktiboagoa hartu behar dute urtero langile gutxiago dituen bitartean etekinak pilatzen dituen enpresa baten aurrean».
LABek nabarmendu duenez, beldur dira «ABEE hau 2023ko urtarrilaren 1etik aitzinera luzatuko ote den, enpresak lan erregulazio espedientea hurrengo urte osora zabaltzeko asmoa baitzuen». Gainera, «ostiralean egindako akordioari esker, 2009tik eta hamarkada batez pairatu zuten antzeko egoerara bueltatuko dira Arcelorreko langileak». LABek salatzen duenez, akordio honek «funtzio bakar bat betetzen du, langileen kontura, dagoeneko izugarrizko onurak dituen multinazional batek are onura gehiago izatea».