Babestutako edukia

«Edozeinek bere etxeko memoria betiko gorde dezake Vitagramarekin»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 1a, 09:00
Gaizka Aranguren Vitagramaren kutxa eskuetan duela.

Gaizka ARANGUREN, Labrit Ondarea-ko zuzendaria

Belaunaldien arteko transmisioa galdu ez dadin eta etxeko memoria betiko gordetzeko, tresna digitala sortu du Labrit Ondareak: Vitagrama. Ondoko asteotan eskualdean barna aurkezpenak eginen dituzte. Urriaren 6an Elizondon, urriaren 7an Amaiurren, urriaren 13an Lesakan eta azaroaren 4an Arizkunen.

Urteak daramatza Labrit Ondareak ondare immaterialaren ikerketan. Joan den urtean, ordea, bertze pauso bat eman zuten familien ondare immateriala biltzeko tresna digitala sortuz. Horixe da, hain zuzen, Vitagrama, «etxekoen bizitza betiko gordetzeko aukera ematen duen metodoa».

Nolatan sortu duzue Vitagrama?

Ikuspegi kolektibotik abiatutako metodologia batekin hasi ginen, herri bakoitzeko iruditeria eta memoria bilduz, eta urteen poderioz, norbere memoria biltzeko eskaria orokortuz joan da; gero eta gehiago izan dira norbere etxeko memoria biltzeko aukera mahai gainean jarri digutenak eta guk ere aukera hori ikusi dugu. Etxeko zaharrenen bizitzaren lekukotasuna etxeko gazteen esku geldi dadin. Garai batean etxean bertan belaunaldi batetik bertzera ematen zen zuzeneko transmisioa. Joera hori gaur egun nekez ematen da, belaunaldien arteko harreman zuzena gero eta urriagoa delako. Teknologia berriak zeharo aldatu dute belaunaldien arteko transmisioa eta pantailetara eraman beharra dago garai batean zuzenki transmititzen zena. 

Etxekoen bizitza betiko gordetzeko metodoa aurkitu duzue. Azaldu...

Metodologia antropologikoa edozein familiaren esku jarri dugu. Familia bakoitzak bere arbasoen lekukotasuna betiko gorde ahal izan dezan, software berezitu bat garatu dugu. Batzuetan pentsatzen dut halako beharrizan sozial bat betetzen duela. Gaur egun bi urte dituen batek bere birramatxiren lekukotasuna ezagutu ahal izanen du 40 urte beteko dituenean edo 200 urte barru gure ondorengoek gure atatxi eta amatxirekin hitz egin ahal izanen dute inteligentzia artifizialaren bitartez. Hori gaur egun biltzen badugu izanen da posible; biltzen ez badugu, ez.

Bere bidea egiten ari da Vitagrama...

Iaz hasi ginen eskaintzen, baina duela hamahiru urtetik gabiltza bizitzako historiak biltzen, 2009tik herriz herri eta elkartez elkarte. Ez baita etxeko memoria bakarrik. Giza kolektibo zehatz baten Vitagrama ere izan daiteke eta Osasuna futbol taldearekin, La Unica peñarekin, Iruñeko Orfeoiarekin, eta bertze zenbait enpresarekin horixe ari gara egiten. Baina momentu honetan azpimarratu nahi dugu edozein pertsonak edo familiak bere memoria betiko gorde dezakeela eta ondoko belaunaldiei lekukotasun hori eskaini. Hori guztia ikus-entzunezko formatuan egiten dugu, bizitzako pasarteekin, material interpretatuekin, argazki gordailuarekin... Bizitzako osagai guztiak biltzen ditugu, etorkizunean arbasoekin disfrutatzeko, irri edo negar egiteko... 

Zein da erabiltzaileen profila?

Normalean 40 eta 55 urte bitarteko anai-arrebak izaten dira, berandu baino lehen, aitaren edo amaren bizitza beraien buruari oparitu nahi dietenak. Baina badira ondorengo belaunaldiei beraien bizitza utzi nahi dietenak. Jendea notarioarengana joaten denean ondareen banaketa egiten du testamentuaren bitartez. Baina zer gertatzen da materiala ez den bizitzako osagaiekin? Norberarekin batera hil egiten dira behar bezala bildu eta transmititu ez badira. Ez diezaiegun ondasun materiala bakarrik utzi ondorengoei, ondare immateriala, norbere bizitzaren lekukotasuna, ere utz diezaiegun. 

Zuen hitzak dira: «bizitza bakoitzak merezi duelako bizitza opari»...

Batzuek pentsatzen dute: «nire bizitzak ez du halako garrantzirik». Bada, nekez izanen da guretzat gure aitaren edo amaren bizitza baino inportanteagorik. Bizitza bakoitzak merezi du.

Zein da prozesua?

Interesa dutenekin proiektuaren ezaugarritze bilera bat egiten dugu, zer bildu nahi duten jakiteko eta horrekin aurrekontua osatzen dugu. Gero, familiak nahi duen moduan, Vitagrama egiten hasten gara: lekukotasunen grabazioak, argazkien interpretazioa, dokumentazioen bilketa... Guztia aztertu, sekuentziatu eta Vitagrama baten moduan eskaintzen dugu. Datozen asteotan Vitagrama baten erraiak erakusteko aurkezpenak eginen ditugu Baztan-Bidasoaldean: urriaren 6an, 19:00etan, Elizondoko Arizkunenean; urriaren 7an, 18:30ean, Amaiurko elkartean; urriaren 13an, 19:00etan, Lesakako pleno aretoan eta azaroaren 4an, 19:00etan, Arizkungo medikuaren etxean. Informazio gehiago vitagrama.life webgunean dago. 

Zein mezu luzatuko zenuke?

Memoria eta ondare immaterialaren arloan, Euskal Herrian sentsibilitate berezia dugu, gure egoera kultural eta linguistikoak duen garrantziak bereziki sentsible egiten gaitu. Horregatik pantailak nagusi diren garaiotan, ahal dugun neurrian belaunaldien arteko harreman zuzena mantendu behar dugu, baina gauzak dauden bezala egonda, ez diezaiegun gure zaharrei alde egiten utzi transmisioa egin gabe. Hauxe da aukera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun