Etxeko gastuak neurri batean murrizten lagun dezaketen jarraibide orokorrak eskaintzen dituen gida bat argitaratu berri du Irachek.
Argindar eta gas eskaintzarik onenak dituzten konpainien artean aukeratu
Gasaren faktura duela urtebete baino % 60 garestiagoa da aurten Irachek egin dituen kalkuluen arabera.
Eskaintza garestienaren eta merkeenaren artean, urtean 600 euro aurrezten ahal da
Hala ere, kontsumitzaile garen aldetik, zenbait ekintza egin ditzakegu gastu hori nolabait murrizteko. Lehenik eta behin, argindarraren faktura berrikustea eta gure kontsumora hobekien egokitzen den kontratua dela ziurtatzea komeni zaigu. Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren orrialdean merkaturatzaileen arteko eskaintzak konparatuz gero, argi eta gas kontratu konbinatu baterako, 5 kW-eko potentziarekin, eskaintza garestienaren eta merkeenaren arteko aldeak (energiaren oraingo prezioen arabera), urtean 600 euro aurreztea ekar dezake. Zerbitzuak bereizita kontratatzen badira, faktura 1.220 eurora jaitsi daiteke, konparatzailearen arabera. Prezio horietan ez da sartzen gasaren prezioaren araberako doikuntza-mekanismoa, tarifa arautuetan eta berritzen doazen tarifa libreetan sartua. Edonola ere, zuhur jokatzea komeni da, eta, oraingo egoeran, epe ertainerako ikuspegia izatea, berehalakoari bakarrik erreparatu gabe. Ildo horretan, komeni da eskaintzak aztertzean prezioek handizkako merkatuarekin zer lotura duten aztertzea, kontsumo-muga bat gaindituz gero tarifa lauek aplikatzen duten zigorra aztertzea, eta iraunkortasun-klausularen bat dagoen ziurtatzea eta kontratua luzatzean baldintzen aldaketei kasu egitea.
Ditugun aseguruek zer estaltzen duten berrikustea komeni da
Kontratatutako polizak gastu handi bat dira. Behar baino gehiagotan, ez ditugu kontuan hartzen ditugun aseguruen baldintzak edo estaldurak. Konparaziora, autoa arrisku orotan aseguratuta edukitzea beharrezkoa ote den edo hirugarrenei edukitzea nahikoa den baloratzea, edo, etxeko aseguruaren estaldurak komunitatearenak bikoizten ote dituen begiratzea.
Adibide bat jartzeagatik, autoetan, hirugarrenendako aseguru batean 247 euroko aldea egon daiteke konpainia batetik bertzera, eta arrisku orotako poliza batean, aldeak 1.155 eurotik gorakoak izan daitezke.
Etxeko aseguru bateko polizan, 110 metro koadroko etxe batean konparaziora, polizen arteko aldea 211 euro ingurukoa izan daiteke.
Jakina, prima bakar bat ere ezin da bere kabuz baloratu, eskaintzen dituen estaldurak eta baldintzak kontuan hartuta baizik. Bertzalde, batzuetan ezagutzen ez ditugun polizak ordaintzen ari gara: komeni da estaldurak eta kostua berrikustea.
Telefonian eta interneten, behar ditugun zerbitzuak bakarrik kontratatu
Gero eta etxe gehiagok kontratatzen dute pakete konbinatu bat, telefonia eta internet barne, eta auniztan baita telebista ere. Sektoreko konpetentzia ikaragarria da, eta eskaintza berriak ateratzen dira etengabe, tarifak aldatuz. Horregatik, garrantzitsua da momentu egokian eskaintza on bat aukeratzen jakitea eta eskatzen diren zerbitzuak doitzea. Linea finkoa, mugikorra, Internet etxean eta telebista-paketea duten eskaintzak daude, hilean 42 eurotik 70 eurora bitartekoak, eta horrek dezente aurreztea ekar dezake, urtean 300 eurotik gora. Linea finkoa edo bereziki telebista bezalako zerbitzuak alde batera uzten badira, prezioa nabarmen jaisten da.
Edonola ere, funtsezkoa da kontratazio baldintzak idatziz eskatzea, arretaz irakurtzea, ulertu arte, eta sartzen diren zerbitzuak ziurtatzea. Garrantzitsua da jakitea zigorrik badagoen, eta kontsumitzaileak ordaindu beharko ote duen adostutako epea betetzen ez badu.
Marka zuriko produktuak
Erosketa-saskian marka zuriko produktuak hautatzeak % 30 inguru aurreztea ekar dezake. Kontsumitzaileak jakin behar du banatzailearen markak bertze batzuen sustapen edo publizitaterik ez izan arren kalitatezkoa izan daitekeela. Izan ere, kasu batzuetan izen handiko marka batzuen fabrikatzaileek egiten dute marka zuriko produktua ere.
Horrekin batera, kontsumitzailea deskontuetan, sustapenetan eta eskaintzetan oinarritu daiteke bere gastua murrizteko. Kasu horietan, komenigarria da baldintzak ongi ulertzea.
Egon merkealdira arte edo hautatu denboraldiaz kanpoko edo bigarren eskuko arropa
Etxe bakoitzak 1.155 euro gastatzen ditu urtean arropa eta oinetakoetan, INEren azken datuen arabera. Gastua murrizteko, lehenengo urratsa armairua errepasatzea eta benetan zer arropa erosi behar den erabakitzea da. Hortik aitzinera, aukera interesgarri bat merkealdiari itxarotea izan daiteke, % 60rainoko beherapenak baitaude. Hainbat saltoki bisitatzea eta prezioak alderatzea ere komeni da. Eta bertze aukera bat da bigarren eskuko edo sasoiz kanpoko dendetan jantziak berritzea, prezioak nabarmen jaisten baitira.
Bidaiak tenorez prestatzea
Oporrak eta bidaiak tenorez eta buruarekin antolatzen eta erreserbatzen jakiteak saria izaten du gehienetan. Hegaldien prezioa hilabetearen eta egunaren araberakoa da. Horrekin batera, partikularrendako ostatuak aukeratzeak edo jatetxeetako otorduak murrizteak kostu osoan % 35 baino gehiago aurreztea ekar dezake. Kontuan izan behar da nafar bakoitzak 600 euro inguru gasta ditzakeela oporretan, beraz, aurrezkia nabarmena izan liteke.
Baldintzak bankuarekin negoziatzea edo bertze erakunde batzuetan begiratzea
Euriborraren igoerak urtean 1.500 euro inguruko gainkostua eragin diezaieke hipoteka aldakorra duten kontsumitzaileei. Testuingurua erraza ez bada ere, beti saia daiteke hobekuntzaren bat negoziatzen banketxearekin edo bertze banku batzuek dituzten eskaintzak alderatzea, hipotekaren kostua ahal dena murrizteko. Konparazio batzuen arabera, Euriborra gehi ordaindu beharreko % 1,5eko hipoteka aldakor batean, 26 urte gelditzen baldin badira ordaintzeko, entitate-aldaketarekin urtean 540 euroko aurrezpena lor daiteke.
Komisioei dagokienez, bankuek kobratzen dizkiguten karguak libreak dira, eta ez ditugu beti ezagutzen. Hilabete honetan, banku batean kontu bat irekitzen badugu, horietako batzuek ez digute deus kobratuko kontu hori mantentzeagatik, eta bertze batzuek urtean 240 euro ere kargatuko dizkigute komisioetan.
Bertze aukera batzuk, bankuz aldatzeaz gain, banku-produktu batzuen erabilera berriz aztertzea da. Batzuetan, txartel batzuk ez ditugu erabiltzen, baina komisioa ordaintzen ari gara; erabiltzen ez ditugun kontuekin edo bertze produktu batzuekin ere gertatzen da.
Bertze aukera batzuk, bankuz aldatzeaz gain, banku-produktu batzuen erabilera berriz aztertzea da. Batzuetan, txartel batzuk ez ditugu erabiltzen, baina komisioa ordaintzen ari gara; erabiltzen ez ditugun kontuekin edo bertze produktu batzuekin ere gertatzen da.
Gastuen plangintza
Arras erabilgarria izan daiteke etxeko gastuekin kalkulu orri bat eguneratuta eramatea, etxean egiten diren gastu guztiak apuntatzeko, gastu ttikiak izanik ere, eta finkoak, aldagaiak eta ezustekoak bereizteko.