5.653 ikaslek hasi dute ikasturtea TTIPI-TTAPAren eremuko ikastetxeetan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 08:00

Azken urteotako neurri bereziak alde batera utzita hasi dute ikasturtea Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Leitzaldea, Malerreka, Urumealdea eta Xaretako ikastetxeetan. Zehazki, joan den ikasturtean baino 76 ikasle gehiago dira. Ikusi hemen ikastetxez ikastetxe zenbat ikasle diren.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza

Haur Hezkuntzan 1.043 ikaslek hasi dute ikasturtea TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuko ikastetxeetan, iaz baino 64 ikasle guttiagok. Horietatik % 75,4 D ereduan hasi dira, % 16,5 B ereduan eta gainerako % 8,1a A ereduan. Lehen Hezkuntzan, berriz, 2.243 ikasle dira guztira, joan den urtean baino 30 guttiago. Kasu honetan ere, alde haundiarekin, gehienak D ereduan ari dira (% 78,9). B eta A ereduan ikasleen % 10,9 eta % 10,2 dira, hurrenez hurren. 

Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa

Bigarren Hezkuntzan, berriz, ikasle kopurua zertxobait hazi da joan den urteko datuekin konparatuz, bederatzi ikasle gehiago baitira. Batxilergoan, ordea, beheiti egin du ikasle kopuruak. Iaz baino 25 ikasle guttiagok hasi dute Batxilergoa. Ereduei dagokienez, Bigarren Hezkuntzan ere D eredua da nagusi: % 75,5 D ereduan ari da; %16,1 A ereduan eta % 8,4 B ereduan. Batxilergoan ere D eredua da nagusi.

Hezikleta zikloak

Hezikleta zikloak izan dira ikasle kopuruan gorakada haundiena izan dutenak, iaz baino 34 lagun gehiagok aukeratu baitute bide hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun