2022ko Ondarearen Europako Jardunaldien barnean ondare jasangarrien inguruko hainbat ekimen antolatu dituzte aurten. Gure eskualdean ere ekimen hauetaz gozatzeko aukera izanen dugu asteburuan.
Baztango Udalak antolatua, larunbatean, irailaren 24an, Cesareo Soule harginaren tailerrera bisita gidatua eginen dute, Arizkungo Bozate auzoan. Bi bisita izanen dira; 11:00etan eukaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Hurrengo egunean, igandean, Iruritako Dorrea jauregira eginen dituzte bisitak, ordu berdinetan; 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Bisitak debalde izanen dira eta plaza mugatuak izanen dituzte. Interesatuek izena eman dezakete Arizkunenea kultur etxera deitzen 948 581 279 telefonoan edo kultura@baztan.eus korreora idatziz.
Honez gain, Urdazubin ere izanen da zer egin asteburuan. Larunbatean Berroberria-Alkerdi-Zelaieta gune karstikora ateraldia antolatu dute, Nafarroan dagoen labar-arte paleolitikoko santutegi bakarra. 10:30ean hasiko da ateraldia eta herriko plazatik abiatuko dira. Beharrezkoa izanen da mendiko oinetakoak eta esku-argi bat eramatea. Igandean, berriz, doako magia ikuskizuna izanen da Trikuharry parkean 18:00etan, parkeak antolatua.
Honez gain, hurrengo ortziralean, irailaren 30ean, San Salbatore monasterioko museora doako bisitak eginen dituzte, 14:00etan eta 18:30ean, Otxondo Evenements-ek antolatua.