II. Plazaz Plaza txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte ortziralean Oñatin eta igandean Dulantzin

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 15a, 18:00
Mujika, Iturriaga, Etxekolonea eta Iantzi txapelketako partida batean. Zubietarrak bakarrik ez du lortu finalerdietarako txartela

Maddi Berrocal eta Ane Mendiburu, Irantzu Iantzi eta Oihana Orbegozoren kontra eta Ruiz de Infante eta Mujika, Aldaregia eta Iera Iturriagaren kontra

Uda bete betekoa izan du aurten Ados Pilota Elkarteak. Ekainaren amaiera aldera hasi eta gaur arte 60 jaialdi baino gehiago jokatu dituzte 60 herritatik barrena eta horietatik 16 partida izan dira Plazaz-Plaza txapelketako sailkapen faseari zegozkionak. 16 pilotarik hartu dute parte eta joan den igandean Irurtzunen jokatu zen azken partiduan erabaki ziren finalerdiak. 

Txapelketaren ezaugarri nagusiak berdintasuna, emozioa, giroa eta ikuskizuna izan dira. Pilotalekuak bete dituzte eta pilotazaleek sekulako gozatua hartu dute. pilotarien maila bikaina txalotuz. Aipagarria izan da benetan promozio mailako pilotariek eman duten maila, ez dute lehen mailako pilotariekin aritzeko aukera alferrik galdu. Horren adibide da, Maddi Barrocal bera, finalerdietarako txartela eskuratuz.

Txapelketa bi taldetan banatuta jokatu da eta talde bakoitzeko aurrelari bakoitzak bere taldeko atzelari guztiekin jokatu du sailkapen fasea eta alderantziz. Horregatik, partida bakoitzean irabazle atera diren pilotariek puntu bana eskuratu dute. Talde bakoitzetik puntuazio altuena eskuratu duten lehen bi aurrelari eta atzelariak sailkatu dira finalerdietara. 

Ortziralean Oñatin eta igandean Dulantzin

Ortziralean Oñatin jokatuko dute lehen finalerdia eta igandean berriz, Dulantzin bigarrena. 

Oñatin esperientzia eta gaztetasunaren arteko talka aurreikusten da. Maddi Barrocalek Ane Mendibururekin batera jokatuko du Irantzu Iantzi beratarraren eta Oihana Orbegozoren aurka. Lau pilotariak momentu onean iritsi dira ortziraleko lehiara eta norgehiagoka irekia ikusten da. 

Dulantzin, berriz, Ainhoa Ruiz de Infante eta Maite Mujika, Andrea Aldaregia eta Iera Iturriaga leitzarraren aurka ariko dira. Partida gogorra espero da. Horrelako partidetan esperientzia handia duten lau pilotari iritsi baitira bertara eta bereziki defentsa lanean ederki moldatzen diren pilotariak daudelako tartean.

Beraz, txapelketa guztian zehar izan den ikuskizun bikainak jarraipena izanen du asteburu honetan goi mailako bi partiduekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun