Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 16,6 milioi euro paratuko ditu Nafarroako Baztan-Bidasoaldeko eta mendebaldeko Pirinioetako errepideak datozen lau urteetan mantentzeko. Horretarako, Mugairiko Kontserbazio Zentroari atxikitako errepideen kudeaketarako lizitazio-prozesua ebatzi da, eta lanak Construcciones Mariezcurrena SL enpresari esleitu zaizkio.
Bide, segurtasun eta erosotasun baldintzak hobetzeko lanak 52 errepidetan eginen dira, guztira 394,47 kilometro. Bide nagusien artean daude N-121-A, N-121 B, NA-138 eta NA-170 (A-15 - Doneztebe).
Lanetan ohiko kontserbazio eta bide jarduerak sartzen dira, hala nola galtzadak eta bazterbideak, arekak eta ertzak garbitzea, balizak konpontzea, seinaleak jartzea eta segurtasun hesi berria jartzea. Lehenengoetan, bereziki aipatzekoak dira neguko bideak mantentzeko lanak, bai gatza zabaltzeko prebentzio lanetan, bai elurra kentzeko lanetan, bai eta bazterretako belar-sastrakak garbitzeko lanetan ere.
Noizean behin egin beharreko bertze jarduera batzuk hauek dira: trazadura zuzentzea, ikuspen eskasa dagoelako; bide-zoruen errefortzuak; seinale bertikalak eta horizontalak berritzea, bide-segurtasunarekin batera; errepide-itxiturak berritzea eta aparteko larrialdiei erantzutea.