Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduaren arabera, egoerak okerrera egin du: «Bizi duina egin ahal izateko oinarrizko baliabideen garestitzea, zaintza zerbitzuak murriztea, pribatizazio bidea indartzea, erreforma berrien mehatxuak iragartzea...». Hala, «lasaitzeko aukerarik ez» dagoela iritzita, karrikara indar gehiagorekin ateratzeko deia egin dute.
Ohar bidez, joan den ikasturtearen balorazioa egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Bertzeak bertze, «udaletan mozioak sartu eta banketxeei zerbitzuak lehenera itzultzeko eskatu» zizkietela kontatu dute. Eta horren harira, «udalek lan txukuna egin zutela eta zenbait zerbitzu berreraiki zituztela» aipatu dute. Horrez gain, «pentsioak benetako KPIaren arabera egokitzeko eskatuz egindako sinadura bilketak parte hartze nabarmena» izan duela adierazi dute eta urriaren 15ean Madrilgo kongresuan aurkeztekoak dituzte. Argindarren eta bertze energia enpresak «jomugan» jarri zituztela ere gogoratu dute, «beren diru goseak txirotasuna handitzen baitu». Eta azkenik, «osasun zaintza eta lehen arreta egokia izateko baliabideak murriztu izana ozenki salatu» zutela azpimarratu dute.
Beraien irudiko, horrek erakusten du «mobilizazioen garrantzia»: «Pribatizatzeko joerak ez du tregoarik, hainbat arlotan gertatzen ari da». Eta horren aitzinean, pentsiodunek «asmo zital horiei aurre egin» nahi diete, «bizi, zaintza eta zahar parte duinak bermatuz. Bide horretan jarriko ditugu gure eginahalak».
Aldarrikapen taulak «aldaketa ttikiren bat» izan badu ere, «bere horretan segitzen» omen du, eta hilabete bakoitzeko hirugarren astelehenetan eginen dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Ikasturte honetako lehenbizikoa irailaren 19an Doneztebeko eskolaren aitzinean eginen dute, 12:00etan.