Nafarroako elikagai ekologikoen azokarik handiena Noainera itzuliko da irailaren 16tik 18ra. Bertan, 33 erakusketari egonen dira eta Nafarroan ekologikoan ziurtatutako 2.500 elikagaietako batzuk egonen dira ikusgai. Gainera, ongi pasatzeko, nekazaritza ekologikoaren inguruan ikasteko edo elikadura sistemei buruz hausnartzeko jarduerak eginen dira.
Nafarroako VII. Azoka Ekologikoak batez ere Nafarroako ekoizleak eta enpresak hartzen baditu ere, beste autonomia erkidegoetako eta Frantziako ekoizleak ezagutzeko aukera ere izanen dugu. Horrela, Nafarroako ardo, gazta, garagardo, barazki, olio, ezti, arrautza, haragi, kontserba, ogi, pasta, esne edo gozagarri ekologikoei beste produktu batzuk batuko zaizkie, hala nola frutak, laranja-zukuak, txahal eta txerri-kontserbak, haziak edo kosmetikoak.
Azokak, parkeko erdialdean kokatuko den merkatuaz gain, haurrentzako gune bat, gune gastronomiko bat eta hausnartzeko parada eskainiko duen hitzaldietarako eta tailerretarako guneak izanen ditu.
Izan ere, Nafarroako VII Azoka Ekologikoa trantsizio agroekologikoari eskaintzen dio edizio hau. Horrela adierazi du Mirian Otxotorena CPAEN/NNPEKko lehendakariak: «Premiazkoa baita nekazaritzako elikagaien egungo sistemaren gainean jardutea, elikagai justu, iraunkor eta osasungarriak ekoizteko eta eskuratzeko». Une erabakigarria da hau eta, horregatik, lurraldeko hainbat esperientziak parte hartuko duten mahai-inguru bat antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek mahai gainean jarriko dute zein urrats ematen ari diren eta etorkizunean norantz jo beharko den. Nafarroako nekazaritza- azaleraren %7 ekologikoan ziurtatuta dago. Europako Batzordearen Baserritik Mahaira estrategiaren arabera, zifra hori %25era iritsi behar da 2030ean: 8 urte besterik ez dira geratzen. Nafarroa aurrera doa, baina egin beharreko bidea luzea da oraindik, eta horretarako dugun denbora-tartea laburra da.
Mahai-ingurua larunbat goizean eginen da, 11:00etatik 13:00etara, eta Mirian Otxotorena CPAEN/NNPEKeko lehendakariak gidatuko du. Parte-hartzaileak hurrengoak izanen dira: Ester Montero (Arrea elkarte agroekologikoa), Arrate Corres (Subbética Ecológica); Thomas Erguy (Biharko Lurraren Elkarteko koordinatzailea), eta Hazialdeko elkarteko (nekazaritza estentsiboen elkartea) ordezkari bat.
Horrez gain, Itziar Gomez Landa Garapen kontseilariak azokara joateko deia egin du, eta adierazi du departamentuak apustu handia egin duela ekoizpen ekologikoa bultzatzeko: «Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Merkaturatzeari buruzko Bide Laburren Foru Legeak beharrezko txosten guztiak ditu gobernu-bileran onartzeko. Elikagaien merkaturatzea zuzenean arautu eta sustatuko du nekazaritza-ustiategien titularren eta azken kontsumitzaileen artean. Lege honen bidez, tamaina txikiko nekazaritza-ustiategiei lagunduko diegu, eta haien bideragarritasuna hobetuko dugu, lehiakorragoak izan daitezen».
Egitaraua
Hitzordu horrez gain, irailaren 15ean, osteguna, Zure platerean hasten da mundua/El mundo comienza en tu plato dokumentala proiektatuko da Nafarroako Filmotekan. Ondoren, dokumentalaren zuzendariarekin solasaldia egingo da.
Gune gastronomikoa Geltokik kudeatuko du, eta bertan, elikagai eta edari ekologikoak eskaintzeaz gain, dastaketak ere eginen dira. Haurrentzako gunean tailerrak, ipuin-kontalariak, jolasak, puzgarria eta tiobibo ekologikoa egonen dira. Gainera, abeltzaintza ekologikoaren erakusketa ikusteko eta musika-emanaldiak gozatzeko aukera ere egonen da.
Zero zabor
Nabarmentzekoa da, halaber, azoka zero hondakineko ekitaldia izango dela. Sortutako hondakinak minimizatzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzea bermatzeko moduan diseinatu, antolatu eta garatu den ekitaldia da. Ahalik eta hondakin gutxien sortzen duen ekitaldi bat, eta, gainera, elikagaiak alferrik ez galtzeko neurriak hartzen dituena. Horren adibide da parke osoan ez dela botilako urik egongo, eta pertsona guztientzako doako ur-taberna bat egonen dela.
Nafarroako ekoizpen ekologikoa ezagutzeko beharrezko ekitaldia
Azoka ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa izanen da. Baina azokara joaten direnek, erosi, dastatu edo jarduerez gozatzeaz gain, hedatze- prozesuan dagoen sektore bat ezagutzeko aukera izanen dute, Nafarroan 800 operadore baino gehiago eta 2.500 elikagai ziurtatu baino gehiago dituena. Izan ere, aurtengo lehenengo sei hilabetetan 108 operadore berri gehitu dira ekoizpen ekologikoan. Gauza bera gertatzen da kontsumoarekin, gero eta pertsona gehiagok eskatzen baitituzte elikagai osasuntsuak, kimikorik gabeak eta modu iraunkorrean ekoitziak.
ERAKUSKETARIAK
- Afortunato: Kafeak. Iruñea (Nafarroa)
- Axuribeltz: Gazta. Iturgoien (Nafarroa))
- Biosasun – Oleohealth: olioa eta Ur Kefirra. Deikaztelu (Nafarroa)
- Mendiko upategia: ardoa eta ozpina. Oibar (Nafarroa)
- Casa Paulina: marmeladak. Artaza (Nafarroa)
- Domiña: behi-haragia eta hestebetea. Goizueta (Nafarroa)
- Ecológicos Aranda: olioa eta almendrak. Faltzes (Nafarroa)
- Ekollaondo: gazta eta arrautzak. Goldaratz (Nafarroa)
- Elkea Produktu Ekologikoak: olioa eta garagardoak. Bakedano (Nafarroa)
- Erlandere: eztia eta propolioa. Arbeiza (Nafarroa)
- Gil Pagola: olio ekologikoa. Eultz (Nafarroa)
- Guneko: arrautzak. Tafalla (Nafarroa)
- La Corraliza De Don Pablo: olioa. Azkoien (Nafarroa)
- Larrezabal Eco: gazta. Altsasu (Nafarroa)
- Martinelli Pasta: pasta. Beriain (Nafarroa)
- Pittika: gazta. Erratzu (Nafarroa)
- Lakabe: ogia eta pastak. Lakabe (Nafarroa)
- Navarrsotillo Biodinamic & Organic Wines: ardoa. Andosilla (Nafarroa)
- Javier Anocibar. patata, lekaleak eta barazkiak. Munarriz: (Nafarroa)
- Teknableu: ura arazteko ekipoak. Bera (Nafarroa)
- Reas Nafarroa: ekonomia solidarioko informazioa eta materiala. Berriozar (Nafarroa)
- Cosmética Fresca: kosmetika freskoa/osagarri beganoak. Iruñea (Nafarroa)
- Biointegra-Aspace: esnea, gazta eta jogurta. Noain (Nafarroa)
- Ecoprolive: oliba-olio birjina estra, gozagarriak eta zuntz prebiotikoa. Gares (Nafarroa)
- Sesma Brewing Co: garagardoak. Sesma (Nafarroa)
- Gobeies. ahabiak eta kontserbak. Iruña (Nafarroa)
- Aloe Vida: kosmetika. Malaga (Andaluzia)
- Ecoriginal Organic: eko-haziak. Bartzelona (Katalunia)
- Igone Natural: kosmetika, xaboiak, intsentsuak eta sahuerioa. Onil (Alacant)
- La Ferme du Brukiza: txahal-kontserbak eta txerri-produktuak latan. Bergouey Viellenave (Frantzia)
- Nutxes: gozotegia. Jijona (Alacant)
- Sovoral: eztiaren eratorriak. Ourense (Galizia)
- Horta De Ximo: laranja-zukua eta fruta. Mareny De Vilxes (Valentzia)