'Arnasetik' bideosormen lehiaketa antolatu du Arnasa Gara ekimenak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 6a, 17:00

Lehiaketaren helburua euskararen arnasgune izendatutako herrietako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak kontatzea eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea da. 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du.

Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan hainbat modutan parte-hartzeko aukera egonen da eta kategoria bakoitzean sariak egonen dira. Arnasguneetako 10-16 urte bitarteko edozein sortzailek har dezake parte Arnasetik programan modu partikularrean, taldeka edo ikastetxearekin.

Kategoriak

Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzak aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izango dira.

  • A kategoria: LH 5-6
    Formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) sormen lana ekoiztu LHtik DBHra pasatzeak suposatzen duen emozio/hizkuntza ohitura/egoerak islatzea.
  • B kategoria: DBH 1-2
    Julen Portillok egindako bideoa ikusita antzeko ikus-entzunezkoa sortzea youtuber estiloan.
  • C kategoria: : DBH 3-4
    Hiru Damatxok egindako bideoan agertzen diren galderei erantzungo dion bideoa sortzea, elkarrizketa irudikatuko duen formatuan.

Euskara izanen da lehiaketara aurkezten diren lanetan erabiliko den hizkuntza, bideo-istorioen elkarrizketak edo off ahotsa erabiltzen badira. Ikus-entzunezko lanek gehienez 2 minutu iraungo dute. B eta C kategorietan bideoa formatu horizontalean grabatu beharko da. Edizioa eta post-produkzioa ere nahi diren programekin egin daitezke. Betiere, hobetsi egingo dira HD formatuan, progresiboan grabatutako eta muntatutako lanak.

Epeak

Arnasetik lehiaketak honako epe hauek izanen ditu eta parte-hartzaileak horietara mugatu beharko dira:

  • Arnasetik lanak aurkezteko azken epea: urriak 5.
  • Ikuslearen saria bozkatzeko epea: urriak 14-20.
  • Sari banaketa ekitaldia: urriak 28, Villabonako Gure antzokian.

Sariak

2.000 euro egonen dira 4 kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.

  • A kategoriako lanik  onena, LH 5-6 (500 euro).
  • B kategoriako lanik  onena, DBH 1-2 (500 euro).
  • C kategoriako lanik  onena, DBH 3-4 (500 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).

500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko ‘Goazen!’ eta ‘Irabazi arte!’ telesailen merchandising-ean trukatu ahal izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun