Bigarren eskuko auto bat erosterakoan kontuan hartu beharreko aholkuak eman ditu Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 4a, 08:00

Bigarren eskuko ibilgailuak erosteak dakarren arriskuaz ohartarazi du Irache Elkarteak.  Maiz erosketa horiek ongi ateratzen badira ere, maiz ere, erosleak ustekabeko eta konponbide zaileko arazoak izaten ditu erosi eta gutira, Irache kontsumitzaileen elkarteak jakitera eman duenez.

 

Ibilgailu berri bakoitzeko, bigarren eskuko bi erosten dira Espainian Iracheren arabera. Nafarroan, saltzen diren bigarren eskuko auto horietatik % 78k zortzi urte baino gehiago dituzte errepideetan.
 
Izan ere, merkatuaren garestitzeak, berria erostekotan izaten diren zalantzak (elektrikoa, hibridoa, gasolina, diesela) eta inflazioa tartean daudela, kontsumitzaile aunitzek bigarren eskuko merkatua aukeratzen ari dira. Bigarren eskukoak ere garestitu dira baina, konparazioan, beti dira berriak baino merkeago. Hala ere, «erosterakoan neurri batzuk hartzen ez badira, erosleak ezusteko desatseginak izan ditzake» ohartarazi du kontsumitzaileen elkarteak.
 

1.500 eurotik gorako konponketak

Arazorik ohikoena da autoak, hilabeteak, asteak edo, batzuetan, hartu bezain laster, arazo mekanikoak dituela, eta erosleak dioenez, ez lukeela arazo horiek izan behar. Kaltetuaren ustez, saltzailea arduratu behar da dagokion konponketaz. Hala ere, ez da harritzekoa saltzaileak bere erantzukizuna ukatzea eta kaltea salmentaren ondotik gertatu dela erratea edo, erabileragatik hondatu dela.
 
Matxura arriskua aski zabala da; kulatarekin, motorrarekin, injektoreekin, enbragearekin zerikusia izaten dute. Batzuetan, matxura handia izaten da, eta Irachen hartu ohi dituzten erreklamazioei erreparatuta, konponketen kostua 1.500 euro ingurukoa izaten da, nahiz eta batzuetan 4.000 eurotik gorakoa ere baden.
 
Bertze batzuetan, gutienetan, autoaren osagarriren bat gaizki dabilelako gertatzen dira arazoak, hala nola leihatilen igogailuak, irratia edo klimatizagailua, edo ibilgailuaren karrozerian kalteak daudelako, konparaziora.
 
Badira iruzur kasuak ere, kuentakilometroak trukatzen dituzten saltzaileak, autoa gutiago gastatuta dagoenaren itxurak egiteko eta, hartara, haren balioa handitzeko. «Zenbait epaik kontzesionarioren bat kondenatu dute arrazoi horrengatik» gaineratu du Irache kontsumitzaileen elkarteak.

 

Kontzesionario batzuek beren gain hartzen dute erantzukizuna, eta bertze batzuek, normalean, ez dute beren gain hartzen
Ildo horretan, zenbait kontzesionariok estrategia bat segitzen dute, konponketaren kostua handia bada, ez dute erantzukizuna beren gain hartzen, eta nahiago dute eroslea behartu peritu bat kontratatzera eta kasua epaiketara eramatera. Badakite erosle aunitzek, auzitara eraman baino lehen, atzera egiten dutela. Hala ere, bertze kontzesionario batzuk ulerkorragoak dira bezeroen erreklamazioekin, eta beren gain hartzen dute konponketa. Establezimendua Nafarroatik kanpo badago, irtenbidea zaildu egiten du; izan ere, kontzesionarioak erantzuten ez badu, kaltetuak saltzailea dagoen probintzian eskatu beharko baitio kalte ordaina.

 

Kontzesionario batean, bermea urtebetera jaitsi daiteke

Kasu guztietan, sinatutako salerosketa-kontratura jo beharko da –erosle aunitzek akats hori egiten dute: salerosketa-kontratu bat ere ez sinatzea—. Hortik aitzinera, behin ikusita bigarren eskuko autoa kontzesionario bati edo partikular bati erosi, eroslearen skubideak aldatu egiten dira.
 
Salmenta 2022ko urtarriletik aitzinera kontzesionario batean egin baldin bada, bermea hiru urtekoa da, nahiz eta alderdiek kontratuan urtebetera murriztu dezaketen, «maiz egiten dena». Irachek dioenez, orain indarrean dagoen legearen arabera, erositako urte berean gertatzen diren matxurek salmentatik datozela ulertuko da, eta hortaz, saltzailearen erantzukizuna dela horiek konpontzea, kontrakoa frogatu ezean. «Tamalez, Irachen oraindik ere ikusten dugu kontzesionario batzuek automatikoki ukatzen dutela beren erantzukizuna, eta kontsumitzailea behartzen dutela peritaje bat egitera edo kasua bide judizialetik eramatera» gaineratu dute.
 

Partikularren artean, ezkutuko akatsak

Partikularren arteko erosketetan epeak desberdinak dira. Nafarroan egindako erosketetan, ezkutuko akatsak dituzten ibilgailuetan erosleak urtebete izanen du ibilgailuaren prezioan beherapena eskatzeko edo erosketa desegiteko (arazoak justifikatzen badu). Bertze erkidego batzuetan epe luzeagoak edo motzagoak izan daitezke.
 
Kontuan izan behar da ez dela erraza ezkutuko bizio bat dagoela frogatzea: transakzioaren momentuan zegoen eta erosleak ikusteko modurik ez zuen akats bat izan behar du, eta, beraz, hori frogatzeko, aditu baten txostena eskatu behar izaten da. Horregatik, erosketaren ondotik zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta zailagoa da eroslearentzat bere eskubideak baliatzea. Bide judizialera iritsi nahi bada, zailtasun bat gehitu behar da: hitzartutako bertze irizpiderik ezean, demandatuaren egoitzan jarri beharko da demanda. Interneteko salerosketa-plataformetan gertatzen da batzuetan kontzesionarioak ibiltzea saltzaile partikularren itxurak eginez autoa saltzeko.
 

Erosi baino lehen hobe profesional baten txostena eskatzea

Ezusteko desatseginak saihesteko, gomendagarria da bigarren eskuko auto bat erosi baino lehen txosten tekniko zehatza eskatzea profesional independente bati, ibilgailuaren benetako egoera ikusteko. Hori da autoa jabeak eskainitako baldintzetan dagoela ziurtatzeko eta ondotik ezusteko desatseginik ez eramateko modu bakarra.
 
Nolanahi ere, bigarren eskuko auto bat erosi baino lehen, inoiz ez dago soberan mantentze-liburua eta azterketa teknikoko txartela berrikustea; liburuxka horretan, egindako azterketak eta ibilgailuaren ezaugarriak egiaztatu ahal izanen dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun