Ipar Euskal Herrian lehenbiziko eskola eguna dute gaur ikasleek eta Hegoaldean heldu den astean hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 1a, 11:00

Agintariek iragarri dutenez, normaltasunez eta azken bi urteotan ezarri dituzten «prebentzio, garbitasun eta segurtasun neurririk gabe» hasiko dira. Ikusi albiste barrenean eskola egutegi ofizialak.

Atzo, abuztuaren 31n, hasi ziren Ipar Euskal Herriko ikastetxeetako irakasleak lanean, eta gaur,  irailaren 1a, ikasleen txanda izan da. Egutegi ofizialaren arabera, aurtengo lehenbiziko opor egunak urriaren 22tik azaroaren 7ra izanen dituzte eta Eguberrietako oporrak abenduaren 17tik urtarrilaren 3ra. Neguko oporrak, berriz, otsailaren 4tik 20ra izanen dituzte, eta udaberrikoak apirilaren 8tik 24ra. Udako oporrak uztailaren 8an hartuko dituzte.

Bertzelakoa da Hego Euskal Herriko ikastetxeen egutegia. Irakasleak gaur bueltatu dira ikastetxeetara eta heldu den astean ikasleek eginen dute, bai Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek, bai DBHkoek eta Batxilergokoek, baita Lanbide Heziketakoek ere. Irailaren 7a izanen da ikasle gehienen lehenbiziko eskola eguna, baina Haur Hezkuntzakoen eta Lehen Hezkuntzakoen kasuan, aukera zabalxeagoa dute. Ezin dute irailaren 7a baino lehen hasi baina irailaren 9a baino beranduago ere ez. Gainerako ikas mailetan irailaren 7an hasiko dira.

Eguberrietako oporrak, abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra izanen dituzte, biak barne, eta Aste Santukoak apirilaren 6tik 16ra hartuko dituzte. Ikasturte bukaera ikastetxearen araberakoa izanen da. Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek ezin izanen dute ekainaren 20a baino lehen bukatu, baina ekainaren 22a baino beranduago ere ez. DBHkoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek ekainaren 20an bukatuko dituzte eskolak. Irakasleek, ohi bezala, ekainaren 30a izanen dute hondarreko eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun