Bikain moldatu ziren Antonio Alustiza eta Ttiki zakurra, eta erraz lortu zuten garaipena, 308 punturekin. Gisa honetara, Nafarroako 20. txapela etxeratu zuen aresoarrak. Ez hori bakarrik. Ttikik lortu zuen arraza bikaineko zakurraren saria ere. Aske zakurrarekin ere parte hartu zuen Alustizak, eta seigarren postuan sailkatu zen.
Oronozko Jorge Oteizak Lagun zakurra izan zuen ondoan, eta bigarren gelditu ziren, 271 puntu eskuratuta. Aritz Ganboa eta Txistu bere zakurrak osatu zuten podioa, 234 puntu eskuratuta.
Uharteko Artzain Egunaren barrenean, gazta lehiaketa ere egin zuten. 2018an eta 2019an bezala, Lekarozko Kortariko gaztarentzat izan zen sari nagusia, eta Julen Arburuak eta Irati Usandizagak hartu zuten saria. Gazta irabazlea enkantera atera zuten eta 4.700 eurotan La Cuchara jatetxeak erosi zuen.