Añorbeko frontoia bete-betea zela jokatu zuten larunbatean Nafarroako Herriz Herri Txapelketako finala. Uztailean hasi zen txapelketa, eta maila absolutuan lau jardunaldi eta gazteen mailan hiru jardunaldi egin ondotik jokatu zuten finala larunbatean.
21 urtez azpikoen txapelketarekin abiatu zen finala. Araxes, Berriozar, Antsoain eta Igantzi aritu ziren nor baino nor, eta aitzineko jardunaldi guztietan bezala Araxes nagusitu zen 16.36ko denborarekin. Bigarren postua Berriozarrek (17.20) eskuratu zuen, hirugarrena Igantzik (18.25) eta laugarrena Antsoainek (19.47).
Hiru jardunaldietako denbora gehituta, Araxesek eskuratu zuen garaipena. Bigarren postuan Berriozar sailkatu zen, hirugarrenean Antsoain eta laugarrenean Igantzi.
Final estua
Gazteen jardunaren ondotik, lehenengo proba konbinatuko finala jokatu zuten. Bertan, txokorrak biltzen, 20 kiloko zakuarekin lasterka, aizkoran, lasterka eta arpanean aritu behar izan zuten parte hartzaileek.
Final estua izan zen. Basaburua abiatu zen lehen postuan, baina, Arantza pixkanaka denbora janez joan zen bertze taldeei, eta azkenerako aranztarrak nagusitu ziren emozioz beteriko finalean. 23.56ko denbora egin zuten aranztarrek, eta horien gibeletik gelditu zen Araxes 22 segundora (24.18). Arraioz izan zen hirugarrena 25.03ko denbora eginda, eta Basaburua laugarrena 26.10ko denborarekin.
Bigarren proba konbinatuan ingude altxatzea eta txinga eramatea egin behar izan zituzten eta Berriozar, Araxes, Sunbilla eta Arantza aritu ziren lehian. Kasu horretan Araxesek eskuratu zuen garaipena. Bigarren gelditu zen Berriozar, hirugarren Sunbilla eta laugarren Arantza.
Finaleko taldeez gain, Goizueta, Sunbilla eta Berriozar ere aritu dira lehian.
Talde nahikorik ez zela eta Nafarroako Herri Kirol Federazioak 2018tik ezin izan du Herriz Herri txapelketa antolatu. Lau urteren ondotik, zazpi taldek hartu dute parte maila absolutuan eta lauk 21 urtez azpikoetan, eta jendetza hurbildu da jardunaldi guztiak ikustera.