Ez bota urik zartaginean su hartuz gero

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 22a, 19:00

Distrakzio bat arras garesti atera dakiguke zartaginarekin ari garenean. Izan ere, zenbat aldiz ez ote dugu zartagina suaren gainean utzi telefonoz deitu digutelako edo sukaldetik alde egin dugulako zerbait egitera eta… sorpresa, itzultzerakoan zartagina erretzen ari zela ikusi. Kontua da deskuidu hori sute baten hasiera izan daitekeela. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak.

Egoera erabat zaildu baino lehen, garrantzitsua da lasai egotea. Eta berehala, zartagina tapaki batekin estali edo, sua handitu baldin bada, sukaldean izan ohi ditugun trapu bat hartu behar dugu eta txorrotaren azpian busti. Gero, xukatu ongi. Ez badugu trapua ongi xukatzen, egoera okertuko dugu, olioak arras modu bortitzean erreakzionatzen baitu urarekin.

Denborarik galdu gabe, busti eta xukatu dugun trapu hori ongi zabaldu eta zartaginaren gainera bota osorik estaltzeko, eta zartagina sutatik urrundu. Azkenik, deskonektatu sukaldea.

Suhiltzaileek diotenez, hori da su hartu duen zartagina itzaltzeko metodorik eraginkorrena. «Inoiz ez dugu urik bota behar, erreakzio arras bortitza eraginen dugulako; izan ere, erreakzio horrek, lurrun-egoerara pasatzean, olioa zartaginetik kanpora bultzatuko luke, eta sugar handi bat edo sute bat eragin».
 
Beraz, gogoratu, zartaginak su hartu badu:
  • Ez bota urik sutan dagoen zartagina itzaltzeko, kontrako efektua eraginen baitu.
  • Zartagina tapaki batekin estali edo hartu oihal bat eta busti txorrotaren azpian.
  • Xukatu ongi busti dugun trapu hori.
  • Trapuarekin zartagina osorik estali. Kasu besoak erre gabe.
  • Deskonektatu sukaldea, argia edo gasa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun