'Oihanean sentitu' ekimena Beran eta Iturenen izanen da aste honetan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 22a, 11:00

Ameliren eskutik bisita gidatuak eskainiko dituzte, ipuinekin eta zuzeneko musikarekin. Argazkia: IƱaki Atxa

Asteazkenean, abuztuaren 24an, Beran eginen dituzte bisita gidatuak, ortzegunean, berriz, Iturenen

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, zuzeneko ipuin kontalari eta musikarekin antolatutako ‘Oihanean sentitu’ bisita gidatuak antolatu ditu abuztu eta irailerako, Ameli ipuin kontalariaren eskutik. Beintza- Labaienen, Donamarian, Lekarozen eta Berroetan izan dira eta aste honetan Bera eta Iturenen txanda izanen da. Abuztuaren 24an, asteazkenean, Beran izanen dira eta 25ean, berriz, Iturenen.

Bisitak euskaraz (15:00etan) eta erdaraz (17:00etan) eginen dira eta gutxienez hamar lagun eta gehienez 25 hartuko dituzte talde bakoitzean. Izena emateko, 948 59 23 23 telefono zenbakira deitu beharko da 09:00etatik 14:00etara eta epea bisita eguneko 11:00ak arte izanen da. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek lau. Irailetik aitzinera izen-emateak bisitaren aitzineko ortziraleko 14:00ak arte egin ahal izanen dira.

Oihanean sentitu

Iaz "Oihanean sentitu" liburuxka argitaratu zuen Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, 13 ibilbide biltzen dituena, bakoitzak bere wikilook trackarekin. Ibilbide bakoitza osatzeko, ilustrazio bat eta inguruari lotutako ipuin bat daude, herrian kontatzen den eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den istorio bat, elezahar bat, anekdota bat...

Aurten, urrats bat gehiago eman nahi dute eta bisita gidatu bat eskaini nahi dute aipatutako ibilbideetatik, ipuin kontalariekin eta zuzeneko musikarekin: «Ameliren eskutik oihanean murgilduko gara baso-bainua hartzeko eta bizitzaz betetzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun