2022ko urtarriletik uztailera izan dituzten 108 alta horietatik 98 CPAEN/NNPEK elkartean inskribatutako operadore berriak dira, eta 10 bertze figura batzuen handitzeak.
Landare-ekoizpenaren altei dagokienez, labore nagusiak zerealak, mahastiak eta almendrondoak dira. Abeltzaintzari dagokionez, ustiategi gehienak zaldi-aziendak dira, baina behi eta ardi aziendak berriak sartu dira. Elaborazio berriak landare-kontserbak, haragi-zatiketak eta olio-ontziratzea dira, besteak beste.
2022 urte ona izaten ari da CPAEN/NNPEK elkartearendako; izan ere, 800era iritsi da operadoreen kopurua. Datu horrek erakusten du Nafarroako ekoizpen ekologikoak goraka segitzen duela, eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikorako laguntzen ondorioz, gero eta pertsona gehiagok egiten duela apustu ekoizpen ekologikoaren alde. Goranzko joera horrek hainbat sektore hartzen ditu, eta bizimodu duina eta iraunkorra izateko aukera gisa aurkezten da ekoizpen ekologikoa, elikagai ekologikoen eskaria gero eta handiagoa delako.
2021ean 117 alta izan zituzten, eta 2022ko urte erdian 107 alta izan dituzte; beraz, aurten alta gehiago izanen dituztela aurreikusten dute.
Azken urteotan izandako hazkundeak, hala ere, jauzi handia eman behar du Europar Batasunaren eskakizunak betetzeko; izan ere, Europar Batasunak, bere 'Baserritik mahaira' estrategian, adierazten du nekazaritza-azalera ekologikoak %25etik gorakoa izan behar duela 2030ean, eta kopuru horiek oraindik ere urrun daude Nafarroako errealitatetik.
Horretarako, CPAEN/NNPEKk sektorea ekoizleekin egituratzen eta tokiko elikadura-sistema jasangarriagoak eraikitzen segituko du.
CPAEN/NNPEKek hurrengo urteetan operadoreak eta nekazaritza azalera ekologikoa handitzea proposatzen du. Horretarako, hainbat helburu ezarri dituzte: biztanleria orokorra elikagai ekologikoak, tokikoak, sasoiko elikagai freskoak eta lehen mailako ekoizpenak hornitutakoak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko prozesuarekin lanean segituko dute, eta ekoizpen ekologikoaren eta ekoizpen hori sortzen duten pertsonen garrantzia azpimarratuko dute herriak bizirik mantentzeko eta despopulazioaren aurka borrokatzeko.
Nafarroa Europako estrategiarekin lerrokatuta dagoenez, pentsatzekoa da datozen urteetan Nafarroako sektore ekologikoak hazkunde handia izan dezakeela, bertze autonomia erkidego batzuetan, Europako herrialdeetan eta munduko gainerako herrialdeetan ematen diren kopuruekin bat etorriz.
Gure eskualdean 22 operadore
Herria | Operadorea | Zer ekoizten du |
Aniz | Azkarate Tomassone Aitor y Mikel | Esnea, Gasna, Jogurt |
Arantza | Mikel Leiza Etxeberria | Barazkiak |
Arizkun | Baztango Xurie | Ardoa |
Arizkun | Mikel Alzuart Zaldain | Arroltzeak, oiloak, sagarrak |
Bera | Mikel Lertxundi Korta | Eztia, polena, propoleoa |
Bera | Gabriel Errandonea Goikoetxea | Haragitako behiak, zaldiak, ardiak. |
Bera | Xantelmar S.L. | Atun, bakailao eta izokin elaborazioak |
Bera | Xiker Salaberria Telletxea | Eztia, polena, propoleoa |
Donamaria | SAT Kibbi 701 NA | Hurrak, kiwia, sagarrak |
Doneztebe | Kifrut S.L. | Kiwiak, intxaurrak |
Elizondo | Baztango Udala | Larreak |
Erratzu | Patricia Tornero Vidal | Behi gasna ondua eta urdina |
Etxalar | Ander Amundarain Hernández | Opiltxoak eta ogiak (zekalea, espelta…) |
Ezkurra | Laura Martín Díez | Arandanoa, larreak |
Gartzain | Amaia Iturriria Barrenetxe | Haragitako behiak, zaldiak, ardi esnea. |
Goizueta | Anxo Albisu Sánchez | Haragitako behiak eta zaldiak, esne-behiak. |
Goizueta | Juan José Elizalde Usarraga | Haragitako behiak eta zaldiak, arrautza-oiloak |
Goizueta | Indar Albisu Sánchez | Haragitako behiak |
Irurita | Loizu Denen Hiltegia, S.L. | Haragiak |
Leitza | Kristina Saralegi Arribillaga | Larreak |
Lekaroz | Jesús Ángel García y Belén Alemán S.I. | Sagarrak, sagardoa |
Lesaka | Fernanda Andueza Legasa | Ahuakateak |