Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz Herri txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten abuztuaren 15ean Etxalarren. Sunbilla, Araxes eta Basaburua aritu ziren lehian eta lehen proba konbinatuan Sunbilla nagusitu zen eta bigarren proba konbinatuan Araxes.
Lehen proba konbinatua mistoan lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin aritu behar zuten eta Sunbilla segundo bakarragatik nagusitu zitzaion Araxesi. Sunbildarrek 23 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten proba burutzeko eta Araxesek 23 minutu eta 52 segundo. Minutu bat gehiago behar izan zuen Basaburuak (24.52).
Bigarren proba konbinatuan (bi kirol), txinga eramaten eta ingude altxatzen aritu ziren eta bietan Araxes nagusitu zenez, 7 puntu eskuratu zituen. Ingudearekin 58 altxaldi eta txingekin sei plaza egiteko minutu bat behar izan zuten Araxesko kirolariek. Sunbillak eta Basaburuak, berriz, bortz eta hiru puntu lortu zituzten, hurrenez hurren. Izan ere, Sunbillako ordezkariek 56 altxaldi eman zizkioten ingudeari eta Basaburukoek 44, baina txingekin Basaburuak minutu eta 3 segundo behar izan zituen eta Sunbillak segundo bat gehiago (1.04).