Unai Iantzi aniztarrak irabazi du Nafarroako lokotx-biltze txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 16a, 14:00
Unai Iantzi, Asier Gamio eta Eneko Herrera Nafarroako lokotx-biltze txapelketaren podiumean, Jon Telletxea Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentearekin eta Patxi Larretxearekin.

Donamarian igandean jokatu zen Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finalean Baionako Ibai Telletxea nagusitu zen

Nafarroako gizonezkoen lokotx biltze txapelketa eta hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu zituzten igande eguerdian Donamariako plazan. Lokotx-biltzen Anizko Unai Iantzi suertatu zen txapeldun eta aizkoran Baionako Ibai Telletxea.

Nafarroako gizonezkoen lokotx biltze txapelketan Unai Iantzi aniztarra izan zen nabarmen onena eta 6 minutu eta 13 segundo aski izan zituen 50 lokotxak biltzeko. Bertze lau lehiakideek zazpi minutu baino gehiago behar izan zituzten. Berroetako Asier Gamio izan zen bigarren (7.05) eta Sunbillako Eneko Herrerak osatu zuen podiuma (7.24). Podiumetik sei segundora, laugarren izan zen Elizondoko Iñaki Telletxea (7.30) eta bosgarren Josu Elizalde (7.53).

Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketako podiuma igandean Donamarian.

Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finalari dagokionez, bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko moztu behar izan zituzten Donamarian. Baionako Ibai Telletxea izan zen bizkorrena (12.01), Etxarri Aranatzeko Aritz Oiarbide bigarren (12.28), Itsasuko Patxi Igoa hirugarren (12.33), Berako Endika Goia laugarren (12.48) eta Urdiaingo Amets Aristizabal bosgarren (14.01).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun