Ainhoa Etxegarai beratarrak irabazi du Nafarroako lokotx-biltze txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 16a, 13:00
Ainhoa Etxegarai txapeldun gaztea, Iraizoz eta Ariztegi beteranoen artean.

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finalistak ere larunbatean erabaki ziren Arantzan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak eta Arantzako udalak, Arantzako besten barrenean herri kirol jaialdi ederra antolatu zuten abuztuaren 13an. Nafarroako emakumezkoen lokotx biltze txapelketa bertan erabaki zen eta gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa ere jokatu zuten.

Nafarroako emakumezkoen lokotx biltze txapelketan hiru kirolari lehiatu ziren eta denetan gazteena nagusitu zen: Ainhoa Etxegarai beratarra. Fernando osabaren bidea hartu du, bai mendi lasterketetan baita lokotx biltzen ere eta lehen aldiz Nafarroako txapeldun suertatu zen. 50 lokotxak biltzeko 7 minutu eta 28 segundi behar izan zituen, Eltsoko Ainhoa Iraizozek 7 minutu eta 42 segundo eta Iturengo Maika Ariztegik 7 minutu eta 50 segundo.

Bigarren mailako aizkolari txapelketako finalerako txartela Arantzan lortu zuten bortz aizkolariak.

Nafarroako gizonezkoen bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketari dagokionez, hamaika aizkolari aritu ziren lehian, bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat nork lehenago moztu. Irailaren 18an Uharten jokatuko den finalerako bortz zituzten jokoan eta Xuban Kañamares (10.05), Zubietako Mikel Indakotxea (10.10), Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria (10.28), Goizeder Belza (10.39) eta Zubietako Patxi Mindegia (10.51) izanen dira bertan. Finaletik kanpo gelditu dira Iban Resano (11.02), Emilio Garcia (12.33), Berako Oier Larretxea (12.45), Iker Gorriti (12.48), Iosu Santamaria eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea (13.24).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun