Udan ere uholdeak izaten dira

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 13a, 10:00
1913ko ekaineko uholde hark desagertzekotan utzi zuen Erratzu. Argazkia: Foto Mena Elizondo eta Felix Mena Martin

1913ko ekainean Erratzun, 1947ko abuztuan Goizuetan eta 2014ko uztailean Elizondon izandako uholdeen harira, Erratzun bizi den Idoia Eskuderoren, Milagros Narbarte goizuetarraren eta Mikel Sobrino elizondoarraren testigantzak bildu ditu Ttipi-Ttapak

Udako uholdeak ez dira fenomeno berriak. Denbora laburrean botatako euri erauntsiarekin disgustu bat baino gehiago izan dituzte herritarrek. Horren adibide dira, bertzeak bertze, 1913ko ekainean Erratzun eta Elizondon; 1947ko abuztuan Goizuetan edo orain berriki, 2014ko uztailean, Elizondon gertatutakoak. Urteak pasatuta ere, herritarren oroimenean gelditu dira.

Idoia Eskudero 1913ko ekainaren 2ko Erratzuko uholdeez

«Goizetik egun arraroa omen zen, egun beroa eta laino itsusiak ikusten omen ziren Auza aldean. Asots haundia aditu zen herrian, inork ez zekien nondik heldu zen», baina fite jakin zuten jatorria. Idoia Eskudero Martinen arabera, hala ernatu zen 1913ko ekainaren 2a Erratzun. Iruritarra da sortzez, duela 25 urte Erratzun bizi dena, baina ezaguna du duela 109 urte gertatutakoa, bertzeak bertze, uholdeen mendeurrenaren harira osatu zuten lantaldeko kide izan zelako, eta «etxez etxe familia bakoitzaren bizipenak biltzen» ibili zelako: «Ez ditut sekula atzenduko etxeetako adineko jendearekin egindako solasak. Denek ireki ziguten etxea beraien historia ttikia konpartitzeko».

«Aduanan zegoen karabinero batek» eman omen zuen heldu zenaren lehendabiziko abisua, «zein zapata paratu jakiteko leihotik begiratu eta Auzatik herrira mantso-mantso animaleko olatua heldu zela ikusi zuenean». Orduantxe hasi zen kalbarioa. «Ahal zuten moduan herritarrei abisatzen hasi ziren jendeak babesa bilatzeko; eskopetarekin airera tiroak botaz, etxez etxe abisua emanez...». Eskuderoren hitzetan, «istantean olatua herrian zegoen: hamabi metroko zabalera eta sei metroko altuera hartu zuen eta errekaren bideari segituz, herri osoa zeharkatu zuen». Jendeak «sabaietan» hartu omen zuen babesa, eta «etxetik kanpo landetan lanean ari zirenek mendira jo zuten. Etxeetako lehenbiziko solairuraino ailegatu zen ura, eta bidean harrapatu zuen guzia eraman zuen: landak harriz beteak, ukuiluetan zeuden aziendak itota, etxe batzuk osorik eramanak, bertze batzuk zaborrez beteak, zubiak hautsiak, ezin herrian ibili, karrikak arbolez eta harriz beteak, frontoia lehertua, elizaren zati bat olatuak eramana.... Erratzutik Bertizera zubi bakarra gelditu zen xutik, Arizkungo Ordokikoa».

«Milaka bizipen daude, etxe bakoitzean bat. Familia aunitz miseria gorrian gelditu ziren»

Idoia Eskudero, Erratzu

Xehetasun eta anekdota andanaren jakitun da Eskudero: «Uholdearen momentuan lehenbiziko meza akitua zen, eta apeza, deus ikusi gabe, sagrarioa besoetan hartu eta lasterka abiatu zen elizako atera. Elizaren erdian zegoelarik uholdeak aldarea eraman zuen. Erratzuko elizako sainduaren arrastoak Hondarribian harrapatu zituzten». Jendearen sufrimendua agerikoa izan zen: «Ostatuan bizi zirenak leihoetatik barrideengandik agurtzeko 'Bertze bizitzara arte' oihukatzen zuten. Edo Berekotxeko haurraren kasua ere berezia da: «Berekotxean haur sortu berria zuten, eta etxean barna gelaz aldatzen ibili omen zuten. Ez zekiten erreka ondoko gelan utzi edo kontrakoan. Hondarrean erreka ondoko gelan utzi zuten eta uholdeak bertze aldekoa eraman zien. Horrelako milaka bizipen daude, etxe bakoitzean bat».

 

Kalte material haundiak

«Ez zen inor hil», baina kalte materialak «izugarriak» izan ziren. «Familia aunitz miseria gorrian gelditu ziren, dena galdu zuten, eta beti bezala, jende arrunta izan zen gehien sufritu zuena. Gehienak maizterrak ziren, lau oilorekin eta baratzetik bizi zirenak, eta uholdeak dena eraman zien. Nagusien landak eta aziendak zaintzen jende aunitzek egiten zuen lan, eta haiek ere lanik gabe gelditu ziren».

Ondoko egunak «latzak» izan zirela dio Eskuderok: «herria beldurtzeko isiltasunean sartu zen, ezjakintasuna haundia zen, herritik beheiti ez zekiten zer gertatu zen, ezin ziren etxeetatik atera, ez zekiten baserriko jendea nola egonen zen.... Apeza elizaren aldean gelditu zen eta errekaren bertze aldean gelditu zirenak ongi ziren jakiteko modua asmatu zuen. Paper batean idazten zuten eta harri bati lotuta botatzen zuten errekaren bertze aldera». Bateko eta bertzeko, «urteak pasatu ziren herria bere onera bueltatzerako. Eliza bi urte kosta zen berritzea, frontoia lau urteren buruan berritu zuten... ». Ez hori bakarrik, familia aunitzek herritik alde egin omen zuten: «beldurra ezin izan zuten gainditu eta batzuek Ameriketara, bertze batzuek Frantziara... emigratu zuten».

Kolpe haundia izan zen erratzuarrendako, Eskuderoren arabera, «indarrik gabe» gelditu ziren, eta gehiago ere bai: «Momentu hartan Erratzu desagertuko zela pentsatu zuten denek». Zorionez, ordea, «mantso- mantso indarrak berrituz eta beldurrak galduz» egoerari buelta eman zioten: «Irundik trenbideko langileak laguntzera etorri ziren, militarrak ere bai, Baztango herri guzietatik hurbildu zen jendea auzolanera... Azkenean, izugarrizko esfortzuarekin, herria berpiztu zen». Eta horixe da, hain zuzen, nabarmendu nahi izan duena: «laguntasuna, auzolana eta jendearen indarra».

 

Milagros Narbarte 1947ko abuztuaren 24an Goizuetan zen

«Izugarria izan zen, orduko zaharrek sekula ikusi ez zutena». Halaxe oroitzen du Milagros Narbarte Makazaga Goizuetako Barrenetxekoak 1947ko abuztuaren 24a. «San Bartolome Eguna zen, haurra nintzen eta orain badut adina, baina hura oroitzeko oraindik arrunt ongi nago».

«Izutuak» egon omen ziren etxean. «Baserrian bizi zen attaren arreba ezkongabea 10:30eko mezara etorria zen, eta gure etxean zegoen. Attak elizara joaterik ez zuela izanen esaten zion, ordurako Zubi Haundian ura gainezka egiten hasia baitzen». Zubia ez ezik, plaza eta eliza ere hartu zituen urak: «Elizan aldareraino ailegatu zen ura, eta elizako aulkiak airean ur gainean eliza guzitik ibili ziren. Sepultura bat edo beste ere urak eraman omen zituen».

Baditu orduko anekdota ugari. Apezarena, adibidez. «Apeza ttiki bat izaten zen, eta elizan ura goiko koskaraino ailegatzen hasi zenean, Sukuntza izeneko herritar batek, altua, indartsua eta korrikalaria bera, apeza bizkarrean hartu eta kalizarekin korura igo zuen. Han kaliza gordeta, atzera berriz bizkarrean hartu eta kanpora atera zuen». Amaren elizako buelta ere gogoan du: «Denbora haietan elizaren erditik goiti bankuak izaten ziren eta han gizonak jartzen ziren; erditik beheiti, berriz, aulkiak eta haietan emakumeak. Familia bakoitzak bere aulkia izaten zuen, eta gure ama, gona goiti egin, botak paratu eta hantxe joan zen bere aulkia hartzera. Oso fededuna zen eta etxera ekarri zuenean oso pozik gelditu zen. Gu ere bai, noski, ongi ailegatu zelako».

«Arrunt denbora gutxian dena hartu zuen urak. Bi urte bederen pasatu zituzten lanak egiten»

Milagros Narbarte, Goizuetakoa

Gainerakoan, etxean ez omen zuten arazorik izan urarekin, baina hortxe-hortxe: «Gure attak etxean obra egiteko egurra eskatua zuen, eta ekarri zituztenean, zubiaren ondoan, pilatan paratuak egon ziren. Kasualitatea izanen da, baina attak uholdeak gertatu aurreko astean ekarri zituen etxe aurreko zerrategira, eta eskerrak. Gainerakoan, galera ederra, urak etxeko material guzia eraman izanen zuen. Zorionez, gaur oraindik hemen daude».

 

Ondorena

«Oso denbora gutxian, baina arrunt gutxian hartu zuen urak dena», dio goizuetarrak: «Atera kontuak, baziren zubiaren beste aldeko auzoetatik 10:30eko mezara etorritakoak, eta etxera ezin bueltatu gelditu ziren. Pentsatu zein nahigaberekin egonen ziren». Eta nola diren kontuak, «egun hartako arratsaldean bertan ura jaitsia zen eta ondoko egunetan ikaragarrizko eguraldi ederrak egin zituen».

Kalteak, ordea, nabarmenak izan ziren: «Aziendak itoak, zenbait tokitan artoa galdua, erortzak nonahi, Maleneko eta Alduntzingo zubiak urak eramanak, errepidearen puska bat eramana...». Urik, argirik eta telefonorik gabe ere egon ziren: «Alduntzingo zentraletik izaten zen Goizueta guziko argia, eta askotan egoten ginen argirik gabe urak hartzen zuenean. Baina pasatzen zen. 1947koa desastrea izan zen. Ahal den bezala kableak tiratuta behinbehinean paratu zuten, baina ongi paratzeko denbora franko pasatu zuten. Dena arreglatzeko bidea izan zen, baina kalteak izugarriak izan ziren».

Izan ere, orduan «orain bezalako makineriarik ez zen izaten, eta bi urte bederen pasatu zituzten lanak egiten. Lehenbizi baserritarrentzako pasadizoa egiten hasi ziren, beheko zubia urak eramana baitzuen. Ez dakit zenbat bide eskuz egin behar izan zituzten. Ez zen bromarik...».Gaineratu duenez, «Beheko zentralean, elektrika deitzen zenean, neurria paratua da 1947an ura noraino ailegatu zen ikusteko».

 

Presa tarteko

Narbarteren hitzetan, orduko presak zerikusia izan omen zuen gertatu zenarekin: «Orain ez dago presarik, eta orain bezala izan bazen, ez omen zen horrelakorik gertatutako. Nafarroako Diputazioko teknikariak ura horrenbeste altxatzeko zer pasatu zen ikustera etorri ziren, altura haundia baitago plazaraino. Orduan esan omen zuten presagatik izan zela».

Geroztik uholde gehiago ezagutu ditu goizuetarrak, eta dioenez, «beti beldurra izaten duzu, baina arinagoak izan dira». Horren harira, 1983ko euriteen ondorioak ekarri ditu gogora: «Gure etxearen gaineko aldean zegoen belarsoro bateko txabola goitik beheiti erortzen ikusi nuen. Izugarrizko soinua atera zuen, baina beheko bidean gelditu zen. Erortze asko izan ziren, bideak hondatu ziren eta izututa egon ginen. Baina ez zen 1947koa bezalakoa izan, ezta gutxiago ere». Gehiago ere kontatu du: «1947koa Goizueta gainean lehertu zen hodeia izan zen, gutxi gorabehera zirkulu batean gertatu zena, gure atta eta amak esaten zuten bezala, goitik lapitzarekin bueltan hartuko bagenu bezala. Goiko baserrietan euria normal egin zuen, baina herrian kalteak haundiak izan ziren».

 

Mikel Sobrino 2014ko uztailaren 4an Elizondon gertatutakoaz

2014ko uztailaren 4an gertatu zenak hankaz goiti jarri zuen Elizondo. Herriko alkatea zen orduan Mikel Sobrino Urrutia eta Maider arrebaren deiak bakantzetan harrapatu zuen. «Zuzenean abiatu nintzen honat eta bidaia guzia telefonoari lotua pasatu nuen». Kontatu duenez, «gertatzen ari zenaren ardura guzia udalak hartu zuen» baina berak eta arrebak Fantxiken, dendan, gertatzen ari zenari egin behar izan zioten aurre. «Bagenuen nahiko saltsa».

2014ko uztailaren 4ko uholdeak gogor astindu zuen Elizondo. Baina herritarrek ongi erantzun zuten.       Argazkia: Juan Mari Ondikol

Beraien kasuan, Mari Joxe langilearen deiak mugiarazi zituen: «Mari Joxek Beartzundik deitu zuen, euria leher ari zuela, eta erreka inoiz ez bezala heldu zela. Maider kanpora atera eta oraino erreka mugitu gabea zela ikusi zuen. Euri  tanta batzuk hasiak ziren, baina inondik inora ezin zen aurreikusi heldu zena». Mari Joxek kontatutakoarekin, «badaezpada zerbait egiten hasi zen Maider. Familiakoen eta Mari Joxeren familiakoen laguntzarekin gauzak goratzen hasi ziren». Hasmentan pentsaezina zirudiena «hamar minutuko afera izan zen».

Gogoan du etxerako bidea «ordu erdiro Maiderrekin telefonoz solastatuz» pasatu zuela. «Bera zen gertatzen ari zena bertatik bertara ikusten ari zena eta aunitzez ere urduriago zegoen. Ni kotxean izatea ongi etorri zen. Halakoetan burua hotz edukitzeak laguntzen du».

 

Momentu laburra baina gogorra

Uztaileko egun hartan «Auza parean lehertu zen hodeia. Handik erreka batean moduan goitik beheiti jautsi zen, lehenik Erratzura eta Beartzunera eta poliki-poliki Elizondora. Ura Elbetetik heldu zen, eta zahar etxean hasi zen, udaletxe aitzineko karrika erreka bihurtu zen... Gure dendara ura sartzen hasi eta 25-30 minutuz dendako mostradore parera ailegatu zen; metro bateko altuera hartuz, eta botika parean, metro bat eta erdi hartuko zuen. Jaime Urrutian segitu zuen urak, Txokotoko zubi gainetik pasatu zen, ikastolako parkean gainezka, kotxeak karrikan... Dena erreka bihurtu zen. Arras ,laburra izan zen, baina gogorra».

Badute uholdeekin eskarmentua Frantxikekoek: «Lehen denda amatxiren etxean izaten genuen, eta hori da Elizondoko punturik baxuena. Uholde dezente pasatu ditugu, eta guti goiti-beheiti badakigu zer goratu lehenik, zer gero...». Horrez gain, «Mari Joxek lehenagotik abisatu» izana gakoa izan zen: «Horri esker gauza aunitz salbatu genituen. Baina metro bateko altueran ura sartuta kableak eta gauza aunitz hondatu zitzaizkigun. Bertze batzuek ez zuten astirik izan erreakzionatzeko. Garaje aunitz urpean gelditu ziren, Urpe eta Urgain elkarteak sabairaino urez beteak... Kalte haundiak izan ziren».

«Arras momentu laburra izan zen baina gogorra. Uholdeak gero eta maizagoa pasatzen dira»

Mikel Sobrino, Elizondokoa

 

Auzolana

Baina «saltsaren» gainetik, «jendearen elkartatsuna eta laguntzeko prestutasuna» nabarmendu «eta eskertu» nahi izan ditu: «ikaragarria izan zen. Jende aunitz aritu zen auzolanean, kristoren antolaketa izan zen, eta Elizondon aunitzetan aipatu izan dugu biharamunean ez zela deus gertatu iduri zuela».  Hain zuzen, urtebete beranduago orduko hartan gertatutakoa oroitzeko hitzordua antolatu zuten Elizondoko herriak eta Bertan Baztan elkarteak. «Jendearen borondatea eskertu» nahi izan zuten: «Gehienbat kalteak Elbeten eta Elizondon izan ziren, baina bertze herrietatik

Uholdeen kontua ez dute berria Elizondon. Eta udako uholdeez ari garela, ezin aipatu gabe utzi bi hildako eraginzituen 1913ko ekainaren 2koa; gogor astindu zuen herria. «Elizondoarrek beti izan dugu buruan». Baina gisa berean, azken urteotan «gero eta  maizago pasatzen» direla dio. «Udakoak momentukoak dira, aunitzetan arras gogorrak. Baina urte osoan bertze uholde klaseak izaten dira, eta erreka ondoan gaudenez, arras hurbiletik bizi dugu». Datuak ere eman ditu: «Azken hamabortz urteotan sei edo zazpi izan dira. Dena gero eta muturrekoagoa da, eta horren ondorio dira uholdeak. Herria merreka bazterrean eraiki zenean, ez zen horrenbertze etxe eta ihesbide gehiago ziren. Urteen poderioz aldatu da, eta kontrolatu ezin dena kontrolatu nahi dugu. Ez dago erremediorik eta horren prezioa argia da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun