Doneztebe The Moment jaun eta jabe izan da Baztan-Errekako 42. Laxoa txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 8a, 08:00
Laxoa txapelketako txapeldun, txapeldunorde eta hirugarren eta laugarren sailkatuak, antolatzaileekin batera. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Bear-Zana plazan larunbatean jokatutako finalean etxeko taldeak 9-1 irabazi zion Irurita Migeleneri eta txapelketako partida guztiak irabazi ditu.

Lau hilabeteko txapelketaren ondotik, Laxoa Elkarteak 42. aldiz antolatutako Baztan-Errekako laxoa txapelketaren finala jokatu zuten larunbatean Doneztebeko Bear Zana plazan Irurita Migelene eta Doneztebe The Moment taldeek. Joan den urteko txapelduna aitzinean izanagatik ez ziren kikildu doneztebarrak eta 9-1 argi batekin nagusitu ziren. Txapelketako partida guztiak irabazi dituzte.

Irurita Migelene taldean Xabi Barberena (sakalaria), Gorka Urtasun (numeroa), Egoitz Prim (kuartoa) eta Jagoba Ramos (kuartoa) aritu ziren eta Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguel (sakalaria), Paskual Bertiz (numeroa), Jabier Bertiz (kuartoa) eta Koldo Legarra (kuartoa). Lau txapeldunak ederki aritu ziren, baina batez ere azpimarragarria izan zen Julen San Miguelen partida bikaina.

Julen San Miguel sakean. Errestoan ere bikain ibili zen eta finaleko onena izan zen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Irurita Migeleneko Gorka Urtasun defentsan, jende artetik pilota eraman nahian. Argazkia: Juan Mari Ondikol


Goizean jokatu zen hirugarren posturako partida. Bertan, Arraioz Sagardiak 9-4 irabazi zion Oizi. Arraioz Sagardia taldean Mikel Mindegia (sakalaria), Xabi Mihura (luze), Jon Gamio (motz) Miguel Maritorena (motz) aritu ziren eta Oizko taldena Ioritz Zelaieta (sakalaria), Iker Bereau (luze), Ugutz Zelaieta (motz) eta Laurendi Zelaieta (motz).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun