Baztan-Errekako 42. Laxoa txapelketaren finala abuztuaren 6an jokatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 4a, 07:00
2016ko finala Arraiozen jokatu zuten eta orduan iruritarrek irabazi zieten doneztebarrei.

Larunbatean 17:30ean final handia jokatuko dute Irurita Migelenek eta Doneztebe The Moment taldeak eta 11:30ean hirugarren posturako lehia Arraioz Sagardiak eta Oizek

Lau hilabeteko txapelketaren ondotik, azkenean ailegatu zaio egunik garrantzitsuena Laxoa Elkarteak 42. aldiz antolatutako Baztan-Errekako laxoa txapelketari, final eguna. Aurtengoan, urtero bezala, emozio eta kalitatez beteriko txapelketa ikusteko aukera izan da, baina iritsi da txapelduna erabakitzeko eguna. Larunbatean, abuztuak 6, Doneztebeko Bear Zana plazan, final handia eta hirugarren posturako partidak jokatuko dituzte.

Goizeko hamaiketan jokatuko da hirugarren posturako partida. Bertan, Arraioz Sagardia (gorriz) eta Oizek (urdinez) jokatuko dute. Azken urteetan bi taldeak maiz izan dira final eguneko partidetan eta ziur aurtengoan ere partida polita egitnn dutela. Arraioz Sagardia taldean hauek jokatuko dute: Mikel Mindegia (sakalaria), Xabi Mihura (luze), Jon Gamio (motz) Miguel Maritorena (motz). Oizko taldea Ioritz Zelaietak (sakalaria), Iker Bereauk (luze), Ugutz Zelaietak (motz) eta Laurendi Zelaietak (motz) osatuko dute.
Arratsaldean, 17:30ean jokatuko dute final handia. Partida honetako protagonistak Irurita Migelene eta Doneztebe The Moment izanen dira. Doneztebeko plazan jokatu arren, Iruritarrek jokatuko dute gorriz, iaz lortutako txapela defendatzen dute eta. Irurita Migelene taldea hurrengo jokalariek osatuko dute: Xabi Barberena (sakalaria), Gorka Urtasun (numeroa), Egoitz Prim (kuartoa) eta Jagoba Ramos (kuartoa). Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguelek (sakalaria), Paskual Bertizek (numeroa), Jabier Bertizek (kuartoa) eta Koldo Legarrak (kuartoa) osatuko dute.

Hagitz interesgarria da partida hau, izan ere, bi talde hauek 2013 urtetik daramatzate txapela partekatzen. Urte hartatik zortzi aldiz izan dira txapeldun Irurita Miguelene (bortz aldiz) edo Doneztebe The Moment (hiru aldiz). Gainera, bi taldeek badakite zer den bertzeari final batean irabaztea.

2014. urtean, Doneztebe The Moment taldeak Oizko plazan irabazi zion Irurita Migeleneri. Baina hurrengo bi urteetan, Iruritarrek mendekua hartu zuten Arraioz eta Iruritako plazetan. Beraz, laugarren aldiz jokatuko dute elkarren kontra finalean, eta gainera Doneztebeko plazan, oraindik elkarren aurka finalean jokatu ez duten plaza.

Laxoa Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Mariezkurrena eraikuntzak enpresari eta Laboral Kutxari: «Beraiek izan dira txapelketa hau antolatzen lagundu digutenak eta beraien laguntza gabe ez genuke txapelketa aurrera eramenen», diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun