Uda giroa

Aralar ezagutzeko jarduera programa prestatu du Plazaola Partzuergoak abuzturako

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 3a, 19:00

Aralar inguruan abuztuan egiteko jarduera programa zabala aurkeztu dute.

Abuztuan, hainbat bisita eta jarduera egingo dira Aralar mendian, ingurune natural berezi horren balioak ezagutzeko

Seigarren urtez jarraian, eta Aralarko San Migel Santutegiaren, Aralarko Batasunaren, Sakana Garapen Agentziaren eta Plazaola Partzuergo Turistikoaren arteko lankidetzaren ondorioz, Aralarren hainbat bisitaldi eta jarduera gidatuak antolatu dira bisitariei eta bertako biztanleei mendizerrako balio naturalak, historiko-kulturalak eta ingurumenekoak ezagutarazteko.

Bisita gidatu teknikoak: Aralarko paisaiak eta Aralarko trikuharriak

Aralarko paisaiak ezagutu eta interpretatzeko bisitak abuztuaren 6an eta 11an izango dira. 8 km inguruko ibilbidea dugu honakoa (erraza/ertaina. 4 ordukoa). Bertan, pagadia, “arkuek” (harrizko etxola kupularrak), karst-a (leizeak, hustubideak, dolinak...), belardien kudeaketa eta erabilera tradizionalak eta gizakiak paisaian utzitako aztarnak ikasi eta interpretatuko dira. Hori guztia, besteak beste, Bustintzako hustubidea, “el raso” belardi berdeak eta Txorrotxetarako igoera (1230 m) bisitatuz, bertatik Aralarko zabalguneen gaineko panoramikez gozatzeko.

Aralarko trikuharriak abuztuaren 4an eta 13an bisitatuko dira. 4 km-ko ibilbide erraza (3 ordukoa), Aralarko San Migel santutegian paisaiaren interpretazio labur batekin hasiko da bisita. Hortik, ibilgailu partikularretan, Guardetxera joango dira, eta han ekingo diote ibilaldiari, pagadia ezagutzeko eta, tarteko, hainbat trikuharri bisitatzeko. Trikuharri hauek Neolitotik artzaintzaren presentziaren lekuko dira.

Jarduera “MIRUA, Actividades de Naturaleza” enpresaren eskutik egingo da, eta pertsonako 8 euroko prezioa izango du. Bisitak egiteko aldez aurretik izena eman behar da (plaza mugatuak) info@mirua.com helbide elektronikoan edo 608 560 369 telefonoan. Informazio gehiago: www.mirua.com

Behaketa astronomikoa Aralarko San Migelen

Aralarren azken urteotako jarduera garrantzitsuenetako bat behaketa astronomiko gidatua izan da. Aurtengo proposamena abuztuaren 20an gauzatuko da, Aralarko San Migel santutegian. Berez, meteorologiak uzten badu, kalitate bikaineko obserbatorio natural bat da santutegia. Abuztuan, besteak beste, pertseida famatuak (izar-zaparrada) ikusi ahal izango dituzte.

Jarduera hau Astronavarra Sarearekin egiten da, baina izena Lekunberriko turismo bulegoan eman behar da, 948 50 72 04 telefonora deituz edo oit.lekunberri@navarra.es helbide elektronikoan... Pertsona bakoitzeko prezioa 5 eurokoa da eta aldez aurretik ordaindu behar da bulegoan. Informazio gehiago: www.astronavarra.org.

Baso bainuak

Aralarrek datorren abuztuaren 21erako (igandea) esperientzia paregabea proposatzen du; Aralarko natura harrigarriak eskaintzen digun guztia ikusteko, usaintzeko, probatzeko, sentitzeko eta entzuteko aukera emango du. Egunerokoarekin deskonektatzeko ariketa, zentzumenen eta behaketaren bidez natura eta gure barne alderakin batera konektatuz.

Yugen Green tokiko enpresa da ekintza honen garapenaren arduraduna, erreserbak 626 983 912 edo info@yugen.green.com korreoaren bitartez egin behar ditugularik. Prezioa pertsona bakoitzeko 15 euro dira. Informazio gehiago: www.basanatura.com

 

“Escape” bisitak Mendukilon (Astitz-Larraun)

Aurten ere, Mendukiloko lezeak bisita bereziak eskaintzen ditu, urtean zehar haitzulora egiten diren ohiko bisitak aberastuz. Oraingo honetan, familientzako eta haurrentzako jarduera da, eta, bertan, aurretiazko proba-sorta batzuk “giltza” emanen digute kobazulora sartzeko. Taldean edo familian egiteko jarduera bat da, haitzuloaz eta haren ingurune hurbilaz beste era batera ezagutzeko aukera ematen di-guna, kasu honetan “escape route” eran.

Bisita hauek abuztuak 3, 10 (euskaraz), 17, 24 eta 31n izanen dira. Erreserbak www.mendukilo.com webgunearen bitartez egin behar dira eta informazio gehiago behar izatekotan 948 396 095 / 608 623 604 telefonora deitu dezakegu.

 

Lankidetza-hitzarmena

Programazio hori, 2018az geroztik, Aralar mendian eta inguruetan bultzatzen ari diren jardueretako bat da, urte horretan Aralarko San Migel santutegiak, Aralar Elkarteak, Sakana Garapen Agentziak eta Plazaolako Turismo Partzuergoak sinatutako lankidetza-hitzarmenetik abiatuta. Akordio honen bidez, eremu horretan erabilera publikoa sustatzeko ekintzak bultzatzen dira, baita eremu natural honen balio naturalak, kulturalak eta historikoak babestu eta sustatzen dira ere, turismo jasangarria (soziala eta ingurumenekoa), ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta hezkuntzaren helburuak lortzeko helburuan.

Sakana Garapen Agentziak, Aralar Elkarteak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak programa hau antolatu eta finantzatu dute, ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoarekin, batez ere, gure lurraldera bisitan etortzen direnak, hoiek ere gure zonaldea, helmuga turistiko bezala sustatu eta promozionatu dezaten. Horrela, erakunde hauek hobetsi egiten dituzte jarduera bakoitzerako ezarritako prezioek. Gainera, Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritzaren laguntza du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun