Ezkurra II.a eta Juanenea txapeldunorde Zarauzko erremonte txapelketan ere

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 1a, 08:00
A multzoko finalean Ansa II.ak eta Azpirozek menpean hartu zituzten Ezkurra II.a eta Juanenea. B multzoan, Goikoetxea V.a eta Odei txapeldun eta Zaldua II.a eta Martirena txapeldunorde. Argazkia: Maialen Andres

San Fermin Torneoan bezala, Ansa II.a eta Azpirozen kontra galdu zuten finalean

Asteburu honetan jokatu da Zarauzko erremonte txapelketa. A multzoko finalerdietan, ortziralean, Ansa II.ak eta Azpirozek 35-26 irabazi zieten Aldabe eta Barrenetxea IV.ari eta larunbatean, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak 35-30 irabazi zieten Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarrari. Gauzak honela, San Fermin Torneoko final bera gelditu zen iganderako eta honetan ere, Ansa II.ak eta Azpirozek irabazi zioten Malerrekako bikoteari (35-25).

300 lagunek giro ederra jarri zuten Arizbataldeko harmailetan igandeko finalean. Ansa izan zen jaun eta jabe. Gibeleko kuadroetan nahiko lehia estua izan zuten bi atzelariek, baina aitzinean urnietarra nagusitu zitzaion Ezkurra II.ari. Urdinak hamar tanto aitzinetik joan ondotik, bi tantora hurbildu ziren Ezkurra II.a eta Juanenea (19-21), baina hortxe gelditu ziren. Ansak hogei tanto egin zituen eta hiru pilota galdu zituen bakarrik; Ezkurra II.ak hamar tanto egin zituen eta hiru pilota galdu. Gibelean, zortzina tanto egin zituzten Azpirozek eta Juaneneak.

 

B multzoan Goikoetxea V.a eta Odei txapeldun

B multzoko finalerdietan, ortziralean Zaldua II.ak eta Martirenak 35-26 irabazi zieten Etxalarri eta Labakari eta larunbatean Goikoetxea V.ak eta Odeik 35-23 irabazi zieten Loitegi eta Oier Apezetxea goizuetarrari.

B multzoko finalean, Goikoetxea V.ak eta Odeik 35-23 irabazi zieten Zaldua II.a eta Martirenari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun