Argentinako Villa Maria euskal etxeak antolatutako ‘Anima zaitez’ programan izena emateko epea zabalik da

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 29a, 19:00
'Anima zaitez' programaren bidez Euskal Herriko gazteek hemengo ohiturak erakusten dituzte Argentinako euskal etxean.

Hamabortz eguneko egonaldia eskaintzen diete Argentinan 20 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei, euskara, dantzak, kirolak, musika edo sukaldaritza erakuts dezaten

Abuztuaren 12ra arte irekia dago Argentinako Villa Mariak antolatzen duen Anima Zaitez programaren izena emateko epea animazaitez.cvascovm@gmail.com. Partehartzaileek Argentinako euskal etxe honetan, euskara, musika, dantza, sukaldaritza edo kirol tailerrak emateko aukera izanen dute, 15 eguneko egonaldian.

Anima Zaitez programa, 2016etik Villa Mariako euskal etxeak antolatzen duen elkartruke proiektua da. Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko asmoz, proiektu honek euskal kulturarekin zerikusia duten tailerrak egitera animatu nahi ditu parte-hartzaileak, nahiago duten arloan, euskara, dantza, euskal musika, sukaldaritza edo kirolarekin harremana dutenak. 20 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzendua, programa honek irailaren 24etik urriaren 10era Argentinara bidaiatzeko aukera duten gazteak bilatzen ditu.

Euskal etxearen 70. urteurrena ospatzeko hasi zen  proposamen hau, Necocheako euskal etxeak 2004tik aurrera antolatzen duen Hator Hona proiektua oinarri hartuta. Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko aukera eman nahi du, distantzian euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den ikusarazteko eta itsasoaren bi aldeetako esperientziak partekatu ahal izateko.

Proiektua Euskal Etxearen eraikinean burutzen da, Villa Marian, Cordoban. 15 eguneko egonaldian, erakundeko gazteen familiek eskainiko dute alojamendua eta otorduak familiek nahiz euskal etxeak emanen dituzte.

Gazteek honako baldintzak bete behar dituzte: Euskaldunak izatea, 20 eta 30 urte bitartekoak, euskara eta gaztelaniaz hitz egitea eta gutxienez honako bi arlotan ezagutzak edukitzea: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza eta euskal musika. Ez da beharrezkoa inolako diplomarik edukitzea, ezinbestekoa dena ezagutza horiek zabaltzeko gogoa da. Parte-hartzaileek aipatutako datetan Argentinara etortzeko aukera izan behar dute. Azkenik, Euskal Herrira itzultzean, jarduera ezagutarazi eta zabaltzeko laguntza eskatuko zaie. 

Gazteek Argentinarako hegaldia ordaindu beharko dute (joan-etorria), baita bidai asegurua ere. Programarekin zerikusia duten gastuak euskal etxearen esku daude (otorduak,  materialak, etab.), hamabortz egunetan.

«Aurreko edizioetan gure neguko oporrak (Euskal Herriko udako oporrak) erabiltzen genituen programa egiteko, aurten esperientzia berritzeko asmoz, irailean-urrian egitea erabaki dugu; horrela, gure programa Argentinan egiten den euskal astearekin lotu dugi, parte-hartzaileei esperientzia hori eskaintzeko», diote Villa Mariako euskal etxetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun