Arantza nagusitu da herriz herri txapelketako Elizondoko lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 26a, 16:00

Elizondoko Iriarte pilotalekuan jendetza bildu zen, azken urteetan Santio egunean izan ohi den herri kirol jaialdiarekin gozatzera. Aurtengoa gainera berezia zen, izan ere, talde nahikorik ez zela eta 2018tik ez da Nafarroako Herriz Herriko txapelketarik ospatu, eta aurtengoan itzuli da. Astelehen honetakoa txapelketaren lehenbiziko jardunaldia izan zen. Parte hartzaile aunitz elkartu zen bertan, izan ere, maila nagusiko eta 21 urtez azpiko mailak izanen dira aurten, eta guztira hamaika taldek hartuko du parte, zazpi maila nagusian (Arantza, Araxes, Arraioz, Basaburua, Berriozar Goizueta, Sunbilla) eta lau, 21 urtez azpikoetan (Antsoain, Araxes, Berriozar, Igantzi). 

Maila nagusian lau jardunaldi eta finala jokatuko dituzte, eta talde bakoitzak bi jardunalditan hartuko du parte. Denbora guztiak gehitutakoan denbora onena lortzen duten lau taldeak Añorben abuztuaren 27an jokatuko den finalera sailkatuko dira. Gazteen mailan, hiru jardunaldi jokatuko dituzte liga sistema bidez.

Astelehen honetan Elizondon, maila nagusian Arantza, Arraioz, Berriozar, Goizueta aritu ziren nor baino nor gehiago, bi proba konbinatutan. Lehenbizikoan, lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin, bigarrenean, txinga-eramaten eta ingude altxatzen.

Gazteen mailan, berriz, Lokotx biltzen, zaku lasterketan, txinga eramaten, korrika eta arpanan.

Ikusmin handia piztu zuen Herriz Herriko txapelketaren lehenbiziko jardunaldiak, eta lehia eta emozio ederraz gozatzeko aukera izan zen. Azkenean, maila nagusian bi proba konbinatuak kontuan hartuta, Arantza izan zen azkarrena, bigarrena Arraioz, hirugarrena Goizueta, eta laugarrena Berriozar. Gazteen mailan, berriz, Araxes nagusitu zen, eta Berriozar, Igantzi eta Antsoain sailkatu ziren ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun