Beteranoak nagusitu dira Elizondon Nafarroako erremonte txapelketako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 26a, 12:00

Vianako partida bertan behera utzi behar izan zuten larunbatean Eloi Otxandorenak begian pilotakada jaso ondotik

Asteburu honetan Nafarroako erremonte txapelketako hiru partida jokatu dituzte. Azkena Elizondon jokatu zuten igandean eta Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-25 irabazi zieten Aimar Jabalera eta David Mitxeo doneztebarrei. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Larunbatean Vianan pilotakada Otxandorenaren begian

Larunbatean Vianan jokatutako partida, berriz, istripuarekin akitu zen. Izan ere, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Otano 13-20 irabazten ari ziren Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarraren kontra, baina Otxandorenak pilotakada hartu zuen begian eta bertan behera utzi behar izan zuten partida. Vianako osasun zentrotik Iruñera eraman zuten Otxandorena eta han puntu batzuk eman zizkioten. Zorionez, hasieran ematen zuen bezain larria ez zen izan eta ea abuztuaren 7an Fustiñanan jokatu behar duen jardunaldi erabakigarrirako prest dagoen Otxandorena. Araudiak horrela aginduta, Otxandorenak partida utzi behar izan zuenez, garaipena Zeberio II.a eta Saldiasentzat izan zen (35-20).

Asteburuko jardunaldia ortziralean Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan jokatutako partidarekin abiatu zen. Hemen ez zen kolorerik izan eta Matxin III.ak eta Ionek 35-11 irabazi zieten Aimar Jabalera eta min hartutako Barricarten ordez profesionalekin debuta egin zuen Mitxeo doneztebarren kontra.

Asteburuko emaitza hauekin, dagoeneko hiru bikotek lortu dute finalerdietarako txartela: Uterga eta Agirrezabalak, Matxin III.ak eta Ionek eta Zeberio II.ak eta Saldiasek.

Hurrengo jardunaldia ortzirale honetan Tafallan jokatuko dute Zeberio II.ak eta Aimar Saldiasek, Aimar Jabalera eta David Mitxeoren kontra eta Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak, Matxin III.a eta Ionen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun