Irurita Miguelene eta Doneztebe The Moment taldeek jokatuko dute laxoa txapelketako finala

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 26a, 09:00
Doneztebeko Bear-Zanan abuztuaren 6an jokatuko den finalean Irurita Migelene eta Doneztebe The Moment izanen dira aurrez aurre.

42. Laxoa Txapelketako finalerdietako itzulerakoan ez zen ezustekorik izan eta gaur egungo txapeldunak, Irurita Migelenek, eta txapelketa honetako partida guztiak irabaziak dituen Doneztebe The Moment taldeek jokatuko dute finala abuztuaren 6an Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan.

Joaneko partidetatik emaitza onak zekartzaten bai Irurita Migelenek (5-9 irabazi zuen Oizen) baita Doneztebe The Moment taldeak ere (4-9 irabazi zion Arraiozen Arraioz Sagardia taldeari) eta itzulerakoan, aldeari eutsi ez ezik, berriz ere irabaztea lortu zuten. Irurita Migelenek hiru jokotan utzi zuen Oiz eta Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardiaren artekoa berdindua izan bazen ere, azkenean 9-7 gailendu ziren Doneztebekoak.

Beraz, abuztuaren 6ako finalean Irurita Miguelene eta Doneztebe The Moment izanen dira aurrez aurre Doneztebeko Bear-Zanan eta hirugarren postua Oiz eta Arraioz Sagardiaren arteko lehian erabakiko da.

 

Gazteen txapelketa ere abian

Gazteen txapelketa ere joan den asteazkenean, uztailaren 20an abiatu zen. Lehen jardunaldian Doneztebe Bk 7-5 irabazi zion Doneztebe Ari eta Irurita Bk 7-0 Irurita Ari.

Uztailaren 23ko bigarren jardunaldian, Irurita Ak 7-6 irabazi zion Doneztebe Bri eta Doneztebe Ak 7-3 Irurita Bri.

Hirugarren jardunaldia uztailaren 27an, asteazken arratsaldean jokatuko dute Iruritan. 16:00etan Irurita A eta Doneztebe Aren arteko partida jokatuko dute eta 17:00etan Irurita B eta Doneztebe Bren artekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun