Lau urteko geldialdiaren ondotik herri kiroletako Herriz Herri txapelketa Elizondon abiatuko da uztailaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 22a, 17:00
2018an jokatu zen azkeneko txapelketan arpanlariak lanean Etxalarren.

Maila nagusian Arantza, Arraioz, Basaburua, Goizueta eta Sunbilla izanen dira eskualdeko ordezkariak eta 21 urtez beheitikoan Igantzi

Talde nahikorik ez zelako Nafarroako Herri Kirol Federazioak 2018tik ezin izan du Herriz Herri txapelketa antolatu. Aurten, berriz, bi kategoriatan banatu behar izan dute, absolutua eta 21 urtez azpikoa. Bietan izanen dira eskualdeko taldeak eta hiru lehenbiziko jardunaldiak eskualdean jokatuko dituzte: uztailaren 25ean Elizondon, uztailaren 31n Beran eta abuztuaren 15ean Etxalarren. Abuztuaren 20an Burlatan jokatuko dute eta finala abuztuaren 27an Añorben.

Lehen jardunaldia uztailaren 25ean, astelehenean 17:30ean Elizondoko Iriarte frontoian jokatuko dute Arantza, Arraioz, Berriozar eta Goizuetako taldeek, maila absolutuan. 21 urtez beheitiko kategorian, berriz, Igantzi, Araxes, Antsoain eta Berriozar ariko dira.

Uztailaren 31n, igandean 19:00etan Berako Eztegara pilotalekuan jokatuko den jardunaldian Arantza, Arraioz, Goizueta eta Sunbilla lehiatuko dira maila absolutuan. 21 urtez beheitikoak ez dira ariko.

Abuztuaren 15ean, 18:00etan Etxalarko frontoian hasiko den jardunaldian Araxes, Basaburua eta Sunbilla ariko dira. 21 urtez beheitikoak ez dira ariko.

Abuztuaren 20an, 19:00etan Burlatan, Araxes, Basaburua eta Berriozar ariko dira. 21 urtez beheitikoak ere ariko dira.

Maila absolutuan, finalera sailkatzen diren lau taldeak eta 21 urtez beheitiko lau taldeak ariko dira abuztuaren 27an Añorben jokatuko den finalean.

Egin beharreko lanak

Maila absolutuko txapelketan bi proba konbinatu izanen dituzte. Lehen proba konbinatua mistoa izanen da eta lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin aritu beharko dute. Jardunaldi bakoitzean guttienez arpanlari bat eta korrikalari bat emakumezkoa izan beharko du. Aizkolaria gizonezkoa bada, ezin du lehen mailakoa izan. Jardunaldiren batean emakumezko aizkolari bat aritu behar badu, aitzineko astelehenean Federazioari jakinarazi beharko dio taldeak, egurra txikiagoa eskatzeko.

Bigarren proba konbinatuan bi kirol izanen dituzte, txinga-eramatea eta ingude altxatzea. Emakumezkoen parte hartzea libre uzten da. Txinga-eramaten gizonezkoek 50 kiloko txingekin lehiatu beharko dute eta emakumezkoek 25 kilokoekin, sei plaza ahalik eta azkarren egiten. Ingudeak, berriz, 18 kilokoak izanen dira gizonezkoetan eta 9 kilokoak emakumezkoetan, minutu bateko lanetan biak.

21 urtez beheitikoetan Igantzi

21 urtez beheitiko kategorian Igantzi izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Araxes, Antsoain eta Berriozar ere lehiatuko dira. Hiru jardunaldi izanen dituzte: uztailaren 25ean Elizondon, abuztuaren 20an Burlatan eta abuztuaren 27an Añorben.

Lokotx biltzen, zaku lasterketan, txinga eramaten, korrika eta arpana mistoan aritu beharko dute. Arpanan ez ezik, bertze modalitateren batean ere emakume bat aritu beharko du gutxienez jardunaldi bakoitzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun